Itxi

2019/04/20

15:26

Politika

EiTB Focus

EAJ izango litzateke lehenengo indarra hauteskunde orokorretan, EAEn

EiTB.EUS

EiTB Focusek jasotako datuen arabera, Elkarrekin Podemos litzateke bigarren indar politikoa Euskadin, PSE-EE hirugarrena eta EH Bildu laugarrena. PPk eserleku bakarra lortuko luke, Araban.

2:10
2019ko hauteskunde orokorretarako boto-asmoa EAEn
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

EAJk irabaziko lituzke apirilaren 28ko hauteskunde orokorrak Euskal Autonomia Erkidegoan, botoen % 28,9 eta sei diputatu lortuta.

Hamahirugarren EiTB Focus inkestak EAEko boto-emaileek hauteskunde horietara begira duten boto-asmoa erakusten du, besteak beste.

Apirilaren 16tik 17era egindako inkesta horren arabera, EAJk eserleku bat irabaziko luke, eta 2016ko hauteskundeetan garaile atera zen Elkarrekin Podemos koalizioari aurre hartuko lioke (bigarren indarra izango litzateke azken hori). Horrenbestez, gora egingo luke aurreko EiTB Focus inkestaren aldean.

PSE-EEk ere boto-kopuru handiagoa lortuko luke, eta hirugarren indarra izango litzateke. EH Bildu, berriz, laugarren indar bozkatuena izango litzateke, eta PPk eserleku bakarra lortuko luke, Araban. Azkenik, Ciudadanosek eta Voxek ez lukete EAEn ordezkaritzarik lortuko.

Hauteskundeak baino astebete lehenago, galdekatuen % 22,1ek ez dute oraindik argi botoa zein alderdiri emango dioten.

Boto-asmoa, EAEn

EAJ litzateke EAEko alderdi bozkatuena, botoen % 28,9 lortuta. Horrek esan nahi du aurreko hauteskundeetan baino 4 puntu gehiago lortuko lituzkeela, eta EiTB Focusek martxoan egindako inkestarekin alderatuta, 1,4 puntu gehiago. Elkarrekin Podemosek hartuko luke bigarren lekua, botoen % 22 jasota. Guztira, 7 puntu egingo luke behera, baina 1,3 puntu igoko litzateke azken EiTB Focus inkestan.

Koalizio horrek gertu izango luke PSE-EE, botoen % 17,8rekin. Izan ere, 3 puntu eta erdi egingo luke gora, nahiz eta 2,2 puntu galduko lituzkeen aurreko hilabeteko inkestaren aldean. EH Bildu litzateke EAEko laugarren aukera, botoen % 16,5ekin eta 3 puntu gehiago lortuta (0,9 puntu gehiago EiTB Focus inkestan). Azken tokia PPrentzat litzateke. Botoen % 9,4 lortuta, 4 puntu galduko lituzke hauteskunde orokorretan eta 0,3 puntu EiTB Focusen.

2019ko hauteskunde orokorretarako boto-asmoa EAEn: EiTB Focus 2019 martxoa eta 2019 apirila. Iturria: Gizaker eta EiTB

Eserlekuen estimazioa EAEn

Aurreko hauteskundeekin alderatuta, EAJk diputatu bat gehiago izango luke; guztira, sei. Elkarrekin Podemosek 4 lortuko lituzke, eta PSE-EEk 2016ko bozetan baino bat gehiago izango luke.

EH Bilduk ere 2016an baino eserleku bat gehiago lortuko luke, alegia, 2 izatetik 3 izatera pasatuko litzateke. Aitzitik, gaur egun duen ordezkarietako bat galduko luke PPk. Beraz, diputatu bakarra izango luke Kongresuan.

Ciudadanosek eta Voxek ez lukete Diputatuen Kongresuan ordezkaritzarik lortuko.

Eserlekuen estimazioa EAEn 2019ko hauteskunde orokorrak. Iturria: Gizaker eta EiTB

Erabaki gabeko botoak

Hauteskundeak baino astebete lehenago, galdekatuen % 22,1ek ez dute oraindik erabaki zein alderdiri emango dion botoa. CISek apirilaren 9an argitaratutako inkestan % 40 ziren botoa argi ez zeukaten boto-emaileak.

2019ko hauteskunde orokorretan zalantza daudenak. Iturria: Gizaker eta EiTB

Fitxa teknikoa

EAEn bizi diren 1.200 pertsonak (Araban 400, Bizkaian 400 eta Gipuzkoan 400) parte hartu dute Gizakerrek EiTBrentzan egindako inkestan.

La= ±% 2,83, konfiantza-maila % 95, p=q=0'5, EAEko datuetarako.

Inkesten % 27,4 euskaraz egin dira, eta gainerako % 72,6, gaztelaniaz. Inkesta egiteko hautatutako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak dira.

Landa-lana 2019ko apirilaren 16tik 17ra bitartean egin zuten elkarrizketak telefonoz eginez.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;