Politika -
'PROCES' EPAIKETA
Hiru kontseilari ohik ukatu egin dute erreferendumagatik utzi zutela Generalitatea
Jordi Janek, Jordi Baigetek eta Meritxell Ruizek esan dute garai hartan erreferendum adostua zela helburua, eta ez aldebakarreko bidea. Pere Aragones presidenteordeak uko egin dio deklaratzeari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2017ko uztailean Kataluniako Gobernua utzi zuten hiru kontseilarik deklaratu dute gaur Kataluniako prozesu independentistaren aurkako epaiketan, Espainiako Auzitegi Gorenean: Jordi Jane, Jordi Baiget eta Meritxell Ruiz.
Erreferendumari buruz zeukaten jarreragatik kargugabetu zituztela ukatu dute hirurek. Ildo horretan, garai hartan aldebakarreko bidea mahai gainean ez zegoela azpimarratu dute, helburua erreferenduma Estatuarekin adostea zelako.
Jordi Baiget 2017ko uztailaren 3an kargugabetu zuen Carles Puigdemontek, elkarrizketa batean egindako adierazpenen harira, harengan "konfiantza galdu" zuela argudiatuta. Besteak beste, erreferenduma egin beharrean "A9ko galdeketaren antzerako zerbait" egin beharko litzatekeela eta balizko prozesu judizial batean bere ondasunak galtzeko beldurra zuela esan zuen.
"Prozesua adostua izan behar zela pentsatzen nuen, bai", adierazi du gaurko saioan, eta horretarako formula bat baino gehiago daudela zehaztu du: hauteskundeak deitzea edo galdeketa bat antolatzea.
Nolanahi ere, Baigetek ukatu egin du garai hartan aldebakarreko bideari heltzeko aukera mahai gainean zegoela. Gauza bera berretsi dute Janek eta Ruizek ere.
Janek esan du arrazoi pertsonalak tarteko erabaki zuela kargua uztea, lan-zama handia zela eta aro bati amaiera emateko ordua iritsi zitzaiola iritzita.
Aldebakarreko erreferenduma deitzeko aukerak erabaki horretan eraginik izan ote zuen galdetuta, Janek ezetz esan du. "Beti pentsatu nuen akordio bat lortuko zela lehenago", azaldu du.
Ruizek ere antzeko argudioak eman ditu bere kargugabetzeaz galdetu diotenean. Egin beharrekoak egin zituela, nekatuta zegoela eta seme-alabei denbora gehiago eskaintzeko asmoz kargua uztea erabaki zuela azaldu du.
Testuinguru politikoa kontuan hartuta, akordio bat lortzea zaila izango zela ondorioztatu zitekeela esan du, baina azpimarratu du garai hartan ez zela aldebakarreko bidea abiarazteaz hitz egiten.
"Akordio bat lortzen saiatu ginen, baina ez genuen itunik lortzen, eta ez nuen neure burua tentsio egoera horretan lan egiteko prest ikusten. Nire kargua oso teknikoa zen eta testuinguru horretan oso gutxi egin nezakeela uste nuen", azaldu du.
Ruizek eta Janek 2017ko uztailaren 14an utzi zuten Generalitatea.
Aragonesek ez deklaratzea erabaki du
Bestalde, Pere Aragones Kataluniako Gobernuko presidenteordea izan da gaurko saioko protagonistetako bat, baina ez esan dituenengatik, deklaratzeari uko egin diolako baizik.
Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak ikerketapean jarri zuen Aragones, eta, auzi hori dela eta, gaurkoan ez deklaratzea eskatu zuen buruzagi katalanak. Haren "egoera prozesal zaila" kontuan hartuta, eskaera hori onartzea erabaki du Manuel Marchena epaimahaiko presidenteak.
Bartzelonako Instrukzioko 13. Epaitegiak azalpen arrazoitua bidali zion Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiari Aragones iker zezan. Kataluniako Auzitegiak, baina, Aragones ez ikertzea erabaki zuen, eta horren berri eman zion idatzian Gorenari, U-1eko epaitegiak ikertu zuela argudiatuta.
Behin idatzia aztertuta, Manuel Marchena Goreneko presidenteak zera adierazi du: "Kataluniako Auzitegiak ez ikertzeko erabakia hartu duen arren, baliteke deklaratzeko interesik ez duen agertoki bat irudikatu izana". Aragonesek, ordea, uko egin dio horri ere.