Politika -

HEZKUNTZA

Auzitegi Konstituzionalak ontzat jo du Kataluniako murgiltze eredua

Hala ere, 2009ko Kataluniako Hezkuntza Legeko hamar artikulu bertan behera utzi ditu, PPk jarritako helegitea aintzat hartuta.

Auzitegi Konstituzionalaren aurrealdea. Artxiboko argazkia: EFE
Auzitegi Konstituzionalaren aurrealdea
Auzitegi Konstituzionalaren aurrealdea. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ontzat jo du Kataluniako ikastetxeetako murgiltze eredua, beti ere derrigorrezko hezkuntza amaitzerako ikasleek gaztelera ikastea bermatzen duen heinean.

Gaur aurreratutako epaian, 2009ko Kataluniako Hezkuntza Legeari PPk jarritako helegiteari erantzun dio. Auzitegi Konstituzionalak hamar artikulu bertan behera utzi ditu, curriculumari eta ebaluazioari lotutakoak, besteak beste, Espainiako Gobernuaren eskumenak urratzen dituztela iritzita.

Epaiak dioenez, Auzitegi Konstituzionalak aurrez emandako epaietan doktrina ezarri du. Horren arabera, estatu espainiarrari dagokio hezkuntza sistemak eskubide linguistikoak bermatzen dituela zaintzea eta, bereziki, hizkuntza ofizialak erakusten direla ziurtatzea.

Aitzitik, Konstituzionalak ez du Konstituzioaren aurkakotzat jo Kataluniako Hezkuntza Legearen 10.2 artikulua. Horren arabera, hezkuntza sistemara bi hizkuntza ofizialetako jakin gabe sartzen diren ikasleek "arreta pertsonalizatua" jasotzeko eskubidea dute.

Konstituzionalaren epaian irakur daitekeenez, "hezkuntza zentroek arreta pertsonalizatua eskaini behar die iritsi berriei eta, bereziki, katalana ikasten hastea ahalbidetuko dien arreta linguistikoa eman behar die".

Auzitegi Konstituzionalak atzera bota dituen hamar artikuluen artean daude lehen eta bigarren hezkuntzako etapen antolakuntzari eta ebaluazioari lotutakoak eta baita funtzionarioen antolakuntzari lotutako hainbat artikulu ere. Kasu horietan guztietan estatu espainiarraren eskumenak urratu direla iritzi dio Konstituzionalak.

Bestalde, Konstituzionalak ebatzi du Kataluniari dagokiola katalanari buruzko araudia egitea.

Auzitegi Konstituzionalak ez du 11. artikuluan jasota dagoen murgiltze ereduari buruzko iritzirik eman, PPk ez baitzuen zuzenean artikulu horren kontra egin.

Generalitateko Hezkuntza Saileko iturriek adierazi dutenez, 113 orrialde dituen epaia aztertzen ari dira. Epaia irmoa da. Kataluniako Parlamentuak Hezkuntza Legea onartu eta hamar urtera eman du araudiari buruzko bere iritzia Konstituzionalak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken albisteak Politika Albisteak Alderdi Popularra Espainia Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Espainiako Auzitegi Konstituzionala Hezkuntza sistemako albisteak