Politika -
Hitzaldia
ETA eta ezker abertzalearen arteko 'zatiketa' sumatu du Rubalcabak
Erakunde terroristaren eta ezker abertzalearen arteko "desadostasun hasiera" bat dagoela ospatu du Barne ministroak, demokraziarentzat "abantaila handia" delako.
Erredakzioa
ETAren eta ezker abertzalearen planteamenduetan "zatiketa" bat sumatu du Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak. Zatiketa hori ospatu du presidenteordeak, "desadostasun hasiera" horrek demokraziarentzat "abantaila handia" delako.
Barcelona Tribuna foroan emandako hitzaldian, honakoa adierazi du presidenteordeak: "Terrorismoaren gaia ongi bideratuta dago. Sekula ezin daiteke ezer ziurtatu, baina (…) ibilbidearen azken tartea betetzen ari garela jakin behar du Espainiako gizarteak".
ETAk indarkeriaren amaiera iragartzeko komunikatu bat argitaratu dezakeela galdetu diote Barne ministroari, baina Rubalcabak honakoa erantzun du: "Ez dute iragarpenik egingo".
"Fidatzerik" ez dagoela azpimarratu du Rubalcabak, "ekin egin behar da", eta atzo Legorretan (Gipuzkoa) egindako bezalako operazioek ETAren "amaierara hurbiltzen gaituztela" nabarmendu du. ETAko ustezko bi kide atxilotu eta 850 kilo lehergai baino gehiago atzeman zituen Guardia Zibilak atzo.
Terrorismoaren aurkako politikan "kohesioa mantendu" nahi duela adierazi du Barne ministroak, baina "desadostasunak" izatea normaltzat jo du, prozesu honetan norbaitek "azkarrago joan nahi duelako".