Politika -
ESKUMENAK
AP-68a bihar geratuko da Eusko Jaurlaritzaren esku
Eskumena Madrildik Euskadira igarota, orain, autobidearen kudeaketa Arabako eta Bizkaiko aldundien esku uzteko izapideak abiatuko ditu Gasteizko Gobernuak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gaur argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian AP-68 autobidearen eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku uztea onartzen duen dekretua, eta, horren arabera, bihar eskualdatuko da ofizialki.
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak apirilaren 15ean itxi zuten AP-68 autobidearen transferentzia eskualdatzeko akordioa, eta handik 15 egunera onartu zuen Jaurlaritzak akordio hori gauzatzeko dekretua.
Eskumena Madrildik Euskadira igarota, orain, autobidearen kudeaketa Arabako eta Bizkaiko aldundien esku uzteko izapideak abiatuko ditu Gasteizko Gobernuak; Bilbotik Burgos arteko mugarainoko tarte osoa (77,5 kilometro) kudeatuko dute euskal erakundeek bihartik aurrera, eta, horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko errepide guztiak foru aldundien esku egongo dira.
Transferentzien Batzorde Mistoan adostu bezala, Abertis enpresak jarraituko du 2026ra arte autobidea kudeatzen, eta ordainpekoa izango da ordura arte, gutxienez.
Eskumena bere eginda, Jaurlaritzak bi milioi euro gutxiago ordainduko dizkio Kupoaren bidez Madrili.