Politika -

Polizia Operazioa

'Erreka' komandoa: hiru atxilotu eta 1.600 kilo lehergai atzemanda

ETAko talde logistikoa osatzen zuten ustezko 'legezkoen' komandoa desegin du Guardia Zibilak eta Estatuan inoiz aurkitutako lehergai biltegirik handiena atzeman du astearteaz geroztik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erreka komandoaren kontrako operazioan, ETAko ustezko hiru kide atxilotu dituzte eta Estatuan orain arte atzemandako lehergaien biltegirik handiena desegin dute. Dena den, operazioak irekita jarraitzen du eta Guardia Zibila talde honekin zerikusia izan dezaken beste kide baten bila ari da.

Joan den asteartean hasi zen operazioa, Aitor eta Igor Esnaola anaiak atxilotu zituen Guardia Zibilak, ETAko ustezko "legezko" (fitxatu gabeko) kideak zirelakoan. Segurtasun Indarren arabera ETAko logistika lanez arduratzen ziren, erakundearen komandoei lehergaia banatzeaz, besteak beste.

Atzo arratsaldean (osteguna), berriz, beste hirugarren pertsona bat atxilotu zuten, Beran. Lander Etxeberria San Sebastian lanetik aterata Lesakarantz zihoala atxilotu zuten, Esnaola anaien eta ETAren zuzendaritzaren artean bitartekari aritu izana leporatzen diote.

Etxeberria, Herri Batasunako zinegotzi izan zen 1991 eta 1995 urteetan Villabonan. 2001ean ETAko militanteak erreklutatzeko taldeko kide izatea egotzita atxilotu zuten eta lau urteko zigorra bete zuen Frantzian.

Atxiloketa honez gain, ustez Esnaola anaiek lehergaiak gordetzeko egindako zulo gehiagoren bila eman zuen eguna Guardia Zibilak. Asteartean, Legorretako Olalde baserrian 850 kilo material atzeman zituztuten.

Goizean goizetik, Asier Esnaola Madrildik ekarrita, Olalde baserria goitik behera miatu zuten berriro. Bertan, 30 metro koadroko gordelekua aurkitu zuten, barruan 125 kilo lehergairekin; besteak beste pentrita eta aluminio hautsa.

Legorreta herrian bertan Esnaolatarren beste baserri bat ere miatu zuten. Arma labur bat eta 125 kilo nitrato amoniko atzeman zituzten han.

Polizia operazioak Zegaman jarraitu zuen eguerdian. Aizkorriko parke naturalaren inguruan . Han nitratoa, alumunio hautsa eta detonagailuak topatu zituzten beste zulo batean. Gutxi gorabehera 250 kilo lehergai zeuden gordeta.

Beste gordelekua Azpirozen (Nafarroa) topatu zuten ordu batzu beranduxeago. Guardia Zibilaren agenteek nitratoa, aluminio hautsa, pentrita eta detonagailuentzako soka atzeman zituzten han. Ondoren Baraibarrera joan ziren eta han hirugarren zulo bat aurkitu zuten bonbak osatzeko 125 lehergairekin.

Espainiako Barne Ministerioaren arabera 1.600 kilo lehergai atzeman dizkiote guztira Erreka komandoari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea