Politika -

Senatuaren presidentetza

Icetaren betoaren harira gogoeta egin dezala eskatu dio Sanchezek independentismoari

Legealdi berriari begira jarrera oztopatzaileaz jardutea "hasiera txarra" dela ohartarazi die Espainiako presidenteak, Senatua eta autonomien Estatua "suspertu" nahi baititu.

Pedro Sanchez. Artxiboko argazkia: EFE
Pedro Sanchez
Pedro Sanchez. Artxiboko argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miquel Iceta senatari aukeratzeko jarritako betoaren harira "gogoeta egiteko" eskatu die ostegun honetan Pedro Sanchez Espainiako presidenteak alderdi independentistei. Sanchezek Kataluniako sozialisten buruari eskaini dio Senatuko Presidentetza, baina kargu hori hartu ahal izateko, aurretik senatari aukeratu behar dute Kataluniako Parlamentuan, eta alderdi independentistek horren aurka daude.

Horren harira, legealdi berriari begira jarrera oztopatzaileaz jardutea "hasiera txarra" dela ohartarazi die Espainiako presidenteak, Senatua eta autonomien Estatua "suspertu" nahi dituela esan baitu.

"Elkarrizketa eta elkarbizitza une oro defendatu eta zubiak eraiki dituen pertsona bati betoa jartzea hasiera txarra iruditzen zait", esan du, Sibiun (Errumania) Europar Batasuneko goi-bilera batean parte hartu ostean egindako prentsaurrekoan.

"Alderdi independentistek gogoeta egin eta bazterketa alde batera utz dezatela espero dut; Senatua eta autonomien Estatua suspertzearen garrantzian ere pentsa dezatela nahi dut", adierazi du Espainiako presidenteak, Iceta aldi berri honetarako "ordezkaririk egokienetarikoa" baita, gaineratu du.

Sergi Sabriak ERCko presidenteak atzo (asteazkena) jakinarazi zuenez, ez dute Iceta senatari izateko proposamena babestuko.

Ignacio Aguado Ciudadanoseko Madrilgo hautagaiak ere esan du ez dutela Icetaren izendapenaren alde egingo. "Separatismoari konstituzionalismoari baino esker on handiagoa egiten dion pertsona bat da", deitoratu du Aguadok. Hala ere, Ines Arrimadasek ez du esan oraindik zein izango den Ciudadanosen jarrera Kataluniako Parlamentuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika PSOE Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak