Politika -

Alfredo Perez Rubalcaba

Rubalcabaren 'Estatu ikuspegia' nabarmendu du politikaren munduak

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko buruzagi historikoaren eta Espainiako Gobernuko presidenteorde ohiaren heriotza deitoratu dute ordezkari politikoek eta instituzionalek.

Pedro Sanchez, ospitalera heldu denean. Argazkia: EFE.
Pedro Sanchez, ospitalera heldu denean.
Pedro Sanchez, ospitalera heldu denean. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi Sozialistak, erakundeek eta unibertsitatearen munduak Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko presidenteorde eta PSOEko idazkari nagusi ohia izan dute gogoan, ostegunean 67 urterekin hil ostean.

Adierazpen batean, PSOEk "min handiz" agurtu du idazkari orokorra izan zena, eta egindako lana, "berdintasunarekin eta kohesio sozialarekin izandako konpromisoa", "zerbitzu publikoko bokazioa" eta bere "Estatu ikuspegia" eskertu dizkio.

"Familia sozialista osorik negarrez dago, eta gaur min handiz agurtzen du Alfredo Perez Rubalcaba, PSOEn eta gobernu sozialistetan dena izan zena. Bere ibilbide osoan erakutsi zuen sekulako indar pertsonalak eta politikoak oso zail egiten du gurekin ez dagoela onartzea", dio testuak.

"Bere adskripzio ideologikoaren gainetik, Alfredo Perez Rubalcaba zerbitzari handia izan da Espainiarentzat, eta denok zorretan gaude berarekin gure herrialdeari, erakundeei eta espainiarrei hainbeste urtetan egindako zerbitzuengatik", dio.

Sozialistek nabarmendu dutenez, "Rubalcabak "demokraziaren, askatasunaren eta hamarkadetan zehar ehunka hildako eta bizitza urratu utzi zituen indarkeria terroristaren amaieraren alde lan egitera eskaini zuen bizitza". "Bere obsesio nagusia ETArekin bukatzea izan zen, eta zailtasunak ugari izan arren, prozesu hura zuzendu eta lortu egin zuen", azpimarratu dute.

"Eskerrik asko, Alfredo alderdikidea. Eskerrik asko zure lanagatik, berdintasunarekin eta kohesio sozialarekin erakutsitako konpromisoagatik, zure zerbitzu publikoko bokazioagatik eta zure Estatu mailako altueragatik. Eskerrik asko guztion bizitza hobetzen laguntzeagatik. Betira arte, Alfredo, eta eskerrik asko", bukatzen du testuak.

"Askatasuna konkistatzen" laguntzeagatik eskertu dute euskal sozialistek

Jesus Eguiguren PSE-EEko presidente ohiak Rubalcaba "negoziatzen eta arazoak konpontzen apartekoa" zela nabarmendu du, eta esan du "beti" eskertuko diola 2005ean ETArekin izandako elkarrizketetan Espainiako Gobernua ordezkatu zuenean erakutsitako konfiantza.

"Gizon aparta zen, politikari bikaina, oso inteligentea, gutxik daukaten komunikatzeko ahalmena zuen", esan du.

Otegirekin burutu zituen elkarrizketan erakutsi zion "konfiantza" eskertu dio Eguigurenek

Eguiguren presidente aukeratu zutenean, Rubalcaba "ez zegoen ados, joera nazionalistak leporatzen zizkidatelako, eta izan nitzakeen planengatik arduratuta zegoelako". Hala ere, Eguigurenek Arnaldo Otegirekin Txillarre baserrian izan zituen elkarrizketek bi politikari sozialisten ibilbideak batu zituen. Momentu horretatik aurrera, laguntasun estua izan zuten. "Egia esan, kolpe gogorra izan da", deitoratu du Eguigurenek.

"Hasieran zalantzak zituen, nik nire kabuz egin nuelako hori, zuzendaritzari esan gabe, baina aurrera joan ahala, nigan konfiantza jarri zuen, eta nire irizpidearen arabera jokatzeko gaitasun ezohikoa eman zidan. Beti eskertuko diot", esan du.

Patxi Lopez lehendakariak esan duenez, sozialista espainiar guztiek deitoratzen dute alderdiko lider ohiaren heriotza, baina PSE-EEkoak "pena handiagoarekin deitoratuko dute, Alfredo euskal sozialista bat delako". Gainera, "askatasuna konkistatzen laguntzeagatik" eskerrak eman dizkio.

Zentzu horretan, Jose Antonio Pastor Legebiltzarreko bozeramaileak "euskal sozialista handia" joan zaiela esan du. "Zurekin hobeak eta askeagoak bilakatu ginen, eskerrik asko denagatik, Alfredo; zuk eta Patxik ametsa egi bilakatu zenuten", esan du.

Idoia Mendia idazkari nagusia "oso minduta" azaldu da. "Ezinezkoa da Alfredo Perez Rubalcabari zor diogun guztia zenbatzea. Askatasunen alde, ideia sozialisten alde, terrorismorik gabeko Euskadi baten alde eta inork ez bezala maite zuen Espainiaren alde borroka egin zuen. Euskal sozialismoak ez zaitu inoiz ahaztuko", esan du.

Odon Elorzak ere "min eta pena handiak" adierazi ditu, eta Ernesto Gasco Donostiako alkategaiak "sozialista bikain eta eredugarritzat" hartu du, "demokraziarekin eta Bakearekin" konprometituta.

Denis Itxaso Gipuzkoako ahaldun nagusia izateko hautagaiak mezu hau helarazi dio: "Beti egon zinen euskal sozialistengandik gertu, euskal sozialista bat gehiagotzat zeneukan zure burua. Gure Askatasunaren alde lan egin zenuen, kostu altua ordaindu arren. Baina hemen gaude, Alfredo, kanpaina askatasunean eginez, eta arrosa sozialistak Gipuzkoa osoan zehar banatzen".

PSNko idazkari nagusi Maria Chivitek zera azpimarratu du: "Konpartitutako momentuekin eta irakatsitakoarekin geratzen naiz. Agur, alderdikide".

"Estatu gizon bat" Sanchezentzat

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak "Estatu gizona eta sozialista konprometitua" izan zela eta bizitza osoa "bere herrialdea zerbitzatzen" eman zuela esan du.

Ospitalean eman dizkio doluminak familiari, eta azpimarratu du bere sinadura dutela ETAren amaierak eta "aurrerapen sozial handiek".

"Eskerrik asko, Alfredo. Guztiok, Espainia eta PSOE, zurekin zorretan egongo gara. Nire maitasuna Pilar, familia eta lagunentzat", idatzi du Twitterren.

PSOEko autonomia erkidegoetako presidenteek eta alderdiko buruzagiek bezala, Susana Diaz PSOE-Ako idazkari nagusiak eta Andaluziako presidente ohiak ere Rubalcaba izan du gogoan: "Espainiak beti gogoratuko zaitu; nik egunero botako zaitut faltan".

PSCko lehen idazkari Miquel Icetak zera idatzi du Twitterren: "Bihotza uzkurtuta, ezin dut ahaztu elkarrekin egin dugun guztia eta eman digun guztia".

"Bakearen aldeko" lana goraipatu dute euskal politikariak

Espainiako Gobernuko presidenteordearekin izan zuen "harreman handia" nabarmendu du Iñigo Urkullu lehendakariak, "bakearen aldeko borrokaren momentu zailetan". Gainera, urtero gogoratzen duela esan du, urriaren 20an, ETAk jarduera armatua amaitu duela iragarri zuen egunean.

Rubalcaba "gizartearen zerbitzura" egon dela esan du, "bokazio politikotik", "pertsona langilea eta nekaezina, sendoa bere konbikzioetan eta elkarrizketara irekia" izan dela.

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak doluminak helarazi die familia eta alderdikideei. "Nire doluminak adierazten dizkiot Alfredo Perez Rubalcabaren familiari. Kongresuan urte biziak bizi genituen, eta bere parlamentarismo trebea miresten dut. Besarkada PSOEren familiarentzat", esan du presidenteak eta diputatu ohiak.

EAJko presidente Andoni Ortuzarrek ere doluminak adierazi ditu, eta esan du "Espainiako politikaren garai bat" ezin dela Rubalcabaren ibilbiderik gabe "ulertu". "Inork politika barruan badarama, hori Alfredo Perez Rubalcaba zen", esan du.

Sortuk esan duenez, ezker abertzaleak "ez du zinismo eta hipokrisia ariketarik egingo", eta, "edozein kasutan, ez da faktura politikoak pasatzeko momentua". "Ikuspuntu iraultzaile batetik, errespetu sakona izateko momentua da", gehitu du.

Euskadiko PPko presidente Alfonso Alonsok doluminak helarazi dizkie familia eta lagunei. Rubalcabari buruz esan du "sozialismo espainiarrean" eta Espainiako demokraziaren "adostasun askotan gizon gakoa" izan zen. "Politikari azkarra eta, batez ere, laguna", gehitu du.

UPNko presidente Javier Esparzak doluminak eman dizkie familiari, lagunei eta PSOE eta PSNko alderdikideei, eta Sergio Sayas diputatuak "Espainiako politikaren pertsona handia" hil dela esan du.

"Estatu gizon" baten aurrean mirespena adierazi du Rajoyk

Espainiako Gobernuko presidente ohi Mariano Rajoyk Rubalcaba "Estatu gizon" bat zela esan du, eta "errespetua eta mirespena merezi duen" aurkari politikoa. Rajoyk harreman estua izan zuen Rubalcabarekin. Bere ustez, "Espainiako hurbileko historiako pertsonalitaterik garrantzitsuenetarikoa" izan da.

Pablo Casadok (PP) ere doluminak adierazi ditu. "Sozialismoarentzat oinarrizko pertsona, eta Espainiako politikaren zerbitzari publiko handia. Goian bego", esan du.

Albert Riverak (Ciudadanos) "sakonki" deitoratu du heriotza. "Espainiako demokraziaren pertsona garrantzitsua, politikari inteligentea eta parlamentari handia, faltan botako duguna. Nire doluminak familiari, lagunei eta PSOEko alderdikideei", esan du Twitterren.ç

Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak ere doluminak adierazi ditu, "Alfredo Perez Rubalcabaren familiari eta PSOEko alderdikideei". "Goian bego", bukatu du.

Espainiako erregeak "sakonki penatuta" azaldu dira "Alfredo Perez Rubalcabaren bat-bateko heriotzagatik", eta bere ikuspegi instituzionala eskertu du.

Generalitateko presidente Quim Torrak heriotza deitoratu du: "Lagun maiteentzat eta familia sozialistarentzat, besarkada bat, bereziki Pedro Sanchez presidentearentzat eta Miquel Icetarentzat. Goian bego", idatzi du.

Madrilgo Unibertsitate Konplutentseak ere heriotza "sakonki" deitoratu du. Bertan irakaslea zen Rubalcaba, eta unibertsitateak bere "ardura eta lana" eskertu ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Alfredo Pérez Rubalcaba PSN Espainiako Gobernua Pedro Sánchez PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak