Politika -

M-22ko hauteskundeak

Bilduk 300 zerrenda aurkeztuko ditu gaur

Urizarrek PP eta PSOE kritikatu ditu, koalizioa zaintzeko eskatzen dutenean "burujabetzarekiko eta independentismoarekiko beldurra" erakusten dutelako.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bildu koalizioak (EAk, Alternatibak eta independente abertzaleek osatzen dutena) gaur aurkeztuko ditu maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetarako zerrendak, 300 inguru, eta "legea beteko" dutela ziurtatu dute koalizioko ordezkariek.

Pello Urizar Eusko Alkartasunaren idazkari nagusiak eta Oskar Matute Alternatibaren koordinatzaileak agerraldia egin dute igande honetan Korrikari babesa emateko eta albistearen berri eman dute.

Bilduk legeak ezartzen dituen epeak beteko dituela eta zerrendak Hego Euskal Herriko ia udalerri guztietan aurkeztuko dituztela jakinarazi dute.

Urizarrek esan du ez dutela zerrendarik aurkeztuko bizilagunek plataforma independenteetan biltzeko ohitura duten udalerrietan, eta horrez gain, Deban, Muskizen, Donezteben eta Etxalarren ez da Bilduren zerrendarik egongo.

Hautagaitzak erregistratu ondoren, Bilduren ordezkariek Donostiako Udalerako eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagaiak aurkeztuko dituzte, Matutek adierazi duenez, gainera, irabazteko esperantzarekin.

Urizarrek PP eta PSOE kritikatu ditu, koalizioa zaintzeko eskatzen dutenean "burujabetzarekiko eta independentismoarekiko beldurra" erakusten dutelako.

"Adierazpen horiek beldurra sortzen dute, baina lasai gaude ibilbide guztia legea errespetatuz egiteko konpromisoa hartu dugulako", adierazi du EAren buruzagiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea