Politika -
Maiatzeko hauteskundeak
Basagoiti: 'Ez da une egokia PP eta PSEren arteko liskarrekin hasteko'
Bestalde, Patxi Lopez lehendakariak azpimarratu du sozialisten eta popularren arteko ituna "osasuntsu" dagoela.
Erredakzioa
Antonio Basagoiti Euskal Autonomia Erkidegoko PPko presidentearen iritziz, oraingoa ez da "popularren eta sozialisten arteko liskarretan hasteko une egokia". Lasaitasunerako deia luzatu du, eta "ETAren aurkako borroka" bukatu behar dutela esan du, talde armatuari "irabazteko helburuarekin".
Getxon egin ditu adierazpenok, maiatzeko hauteskundeei begira hautagaiak aurkezteko ekitaldian. "Demokraziak diktadurari irabazteko helburuarekin elkarrekin egon behar gara, bide onean behar dugu", gaineratu du Basagoitik.
ETA garaitzeko bide beretik jarraituz, "bakea eta askatasuna" ahalik eta arinen lortuko dela uste du Basagoitik.
Espainiako eta Euskadiko Gobernuek "erantzukizunez" jokatu behar dutela esan du PPko buruak. "ETA ahultzeko" emandako pausoekin jarraitzeko deia egin du Basagoitik. "Oso lasai egon behar gara, batez ere gobernatzen dutenak, ETAri irabazteko oinarri sendoak jarri ditugulako", nabarmendu du. "ETA ahultzen duten eta demokrazia indartzen duten" ekintzekin jarraitzeko apustua egin du popularrak. "Badakigu ETAren aurkako bide eraginkorrena zein den, bidetik ez gara atera behar, batez ere helmugara heltzeko hain gutxi falta zaigunean".
Bestalde, Patxi Lopez lehendakariak azpimarratu du sozialisten eta popularren arteko ituna "osasuntsu" dagoela. San Telmo museora egindako bisitan esan ditu hitzok.