Politika -

Transexualitate lege berria

Pertsona transexualak transexual gisa onartuak izango dira diagnosirik gabe

Eusko Legebiltzarreko talde guztiek, PP izan ezik, pertsona transexualak genero identitateagatik ez baztertzeari eta horien eskubideak aitortzeari buruzko lege-proposamena erregistratu dute.

Gay eta Lesbianen Harrotasun Eguna Parisen. Artxiboko argazkia: EFE
Gay eta Lesbianen Harrotasun Eguna Parisen
Gay eta Lesbianen Harrotasun Eguna Parisen. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarreko talde guztiek, PP izan ezik, pertsona transexualak genero identitateagatik ez baztertzeari eta horien eskubideak aitortzeari buruzko lege-proposamena erregistratu dute ostegun honetan. Horrenbestez, pertsona transexualak transexual gisa onartuak izango dira diagnosirik edo tratamendurik jaso gabe.

Legebiltzarreko testuan jasotakoaren arabera, transexualitatea "ez da osasun arazoa", giza aniztasunaren barne baitago, eta sexu-identitatea bezala, "ezin da diagnostikatu".

EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE alderdiek aurkeztu dute lege proposamena, 4/2012 Legea, ekainaren 28koa, transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa aldatzeko.

Legearen 3. artikulua moldatzeko beharra adierazi dute legebiltzarreko taldeek, "transexualitatea gaixotasun bat ez dela" argi adierazteko.

Transexual gisa "diagnostiko edo txosten psikiatrikoa edo psikologikoa aurkeztu zein aurretiazko tratamendua jaso behar ez izatea" da lege berriaren helburua.

Horrenbestez, legearen moldaketak aipatzen du, besteak beste, "jaiotzerakoan ezarritako sexuak ez duela genitalekin harremanik eta, hortaz, ez datorrela bat pertsona horrek sentitzen duenarekin".

Ondorioz, lege berriaren arabera, pertsona transexualek sexu-identitaterako autodeterminazio eskubidea izango dute, eta eskubide hori ezin izango da "murriztua, mugatua, oztopatua edo baztertua" izan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak