Politika -

FRANTZIAN ATXILOTUA

Josu Urrutikoetxea Pariseko Fiskaltzaren aurrera eraman dute

Ondoren epailearen aurrera eramango dute; espetxera bidali ala ez erabakitzeko.

Josu Urrutikoetxea, Segurtasun Indarrek atxilotu baino lehenago. Argazkia: EFE
Josu Urrutikoetxea, Segurtasun Indarrek atxilotu baino lehenago
Josu Urrutikoetxea, Segurtasun Indarrek atxilotu baino lehenago. Argazkia: EFE

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Urrutikoetxea desegindako ETAren buruzagi ohia Pariseko Fiskaltzaren aurrera eraman dute. Atxilotzeko aginduaren berri eman diote. Zortzi urteko espetxe-zigorra bete beharko duela jakinarazi dio fiskalak. 2017ko ekainean zigortu zuen Frantziako Justiziak, ihes eginda zegoela.

Fiskaltzako iturriek azaldu dutenez, ondoren epailearen aurrera eramango dute; espetxera bidali ala ez erabakitzeko.

Pariseko Auzitegi Korrekzionalaren aurrera aurkeztutakoan, Frantzian betetzeke duen zigorra jakinaraziko diote. Ondoren, 10 eguneko epea izango du du zigorraren aurkako helegitea aurkezteko, Patrice Guigon Bonnevilleko Auzitegiko fiskalak baieztatu duenez.

Frantziak zortzi urteko kartzela zigorra ezarri zion 2017an, auzi-ihesean zegoela.

Auzi-ihesean zegoela epaitua izan zenez, Urrutikoetxeak epaiketa berriro errepikatzea eskatu dezake.

Urrutikoetxea espainiaratzeko aukerez galdetuta Guigon magistratuak azaldu duenez, "Espainiako agintariek estradizioa eskatu dezakete eta Frantziak onartu egin dezake, beti ere, Frantzian betetzeke duen zortzi urteko zigorra betetzen duenean".

Auzitegi Nazionalak Urrutikoetxearen espainiaratzea eskatuko du hainbat auzirengatik. Besteak beste, 1987an Zaragozako Guardia Zibilaren kuartel baten aurkako atentatua agindu izana egotzi zioten; horretan, 11 lagun hil ziren, sei haur, tartean. 2002an Auzitegi Nazionaleko 3. zenbakiko Instrukzioko epaitegi zentralak atentatu horrengatik prozesatu zuen.

Halaber, ETAk 1980an Luis Maria Hergueta Guinea Michelin enpresako agintariaren hilketa agindu izana egotzi zioten, eta 2005ean Auzitegi Nazionaleko 1. zenbakiko Instrukzioko epaitegi zentralak auzipetu zuen.

ETAko buruzagi politiko ohia goizeko lehen orduan atxilotu zuten Sallanchesko ospitalearen aparkalekuan. Handik, Sallancheseko polizia-etxera eraman zuten, eta bertatik berriro ospitalera; izan ere, tratamendua jasotzen ari zen. Ordubete baino gutxiago eman zuen bertan, ondoren polizia-etxera bueltatzeko. Bonnevillera eramateko zain, goiza bukatu eta arratsaldeko lehen orduak Sallanchesko polizia-etxean igaro zituen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Frantzia Euskadi Ta Askatasuna albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea