Politika -

M26

EH Bildu buru duen ezkerreko gobernu bat osatzea proposatu du Asironek Iruñerako

Nafarroako hiriburuko jarduneko alkateak esan duenez, Navarra Suma, gehiengo osotik gertu egon arren, ez du alkatetza lortuko "PSNk ematen ez badio".

Joseba Asiron eta Joxe Abaurrea. Argazkia: EFE.
Joseba Asiron eta Joxe Abaurrea.
Joseba Asiron eta Joxe Abaurrea. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Asiron Iruñeko jarduneko alkatea eta EH Bilduren hautagaia "hitz egiteko prest" agertu da, "eskuinaren gobernua ez errazteko", baina "txeke zuri bat" eman gabe, eta koalizio abertzalea buru izango duen ezkerreko gobernu bat osatzea proposatu du.

Nafarroako hiriburuko maiatzaren 26ko hauteskunde emaitzak izan ditu hizpide alkateak. Navarra Suma gehiengo osotik gertu utzi dituzte, eta EH Bildu, zazpi zinegotzirekin. Aurreko legegintzaldian bost izan zituen, baina oraingoan ez du babesik lauko gobernua berriz osatzeko.

Asiron Maider Beloki eta Joxe Abaurrea zinegotziak babestu dute prentsaurrekoan. Bertan onartu du "politika konplexua dela eta taula askotan jokatzen dela". "Dena dago lotuta", esan du. Nabarmendu duenez, Enrique Maya Navarra Sumako hautagaiak eta "batutako eskuinek" PSN bezalako "indar aurrerakoi eta ezkerreko baten" ekintzaren edo omisioaren bidez baino ezin izango dute alkatetza lortu.

Jarduneko alkatearentzat, "ez dago ezkerreko kanpaina bat egitea" eta gero "eskuineko gobernu baten helduera erraztea baino txarragorik". Horregatik, 2007ko abuztuan gertatutakoa ez errepikatzea eta PSN UPNren "makulua" berriz ez izatea eskatu du.

Iruñean EH Bildu buru izango duen ezkerreko gobernu bat osatzearen alde agertu da Asiron. Esan duenez, "inbestidura akordio baterako ez litzateke arazorik egon behar".

Azpimarratu duenez, "aukera guztiak irekita daude" ekainaren 15eko osoko bilkurara arte. "Txirrina jo arte saiatuko gara", gehitu du.

Zentzu horretan, Iruñeko Udaleko legealdi honek, "baldintza horiek ahazten ditugunean, akordioak lor ditzakegula" erakutsi duela esan du, eta gogorarazi du PSNk EH Bilduk baino 10.000 bat boto gutxiago lortu dituela.

Igandean Maite Esporrin PSNko hautagaiak esandakoari buruz,"agur, Asiron!", pozik agertu zen. Jarduneko alkateak esan du, momentu horretan, sozialistak ez zuela "errealitatea behar bezala zenbatetsi", eta "hauteskunde gauaren beroaren ondorioz, presatsua izan zen".

Asironen arabera, "eskuinak batuta aurkeztuta ere" ez du Navarra Sumak gehiengo osoa lortu, eta ez du alkatetza eskuratuko "PSNk ematen ez badio".

EH Bilduk egindako hauteskunde kanpaina "bikaina, ezohikoa, ausarta eta irudimentsua" balioetsi du. Iruñean "izugarrizko babesa" izan duela esan du, koalizioak botoen % 25 lortu du eta.

Iruñeko Udalean bigarren indarra izatea, hirugarrena den PSNk baino "10.000 boto gehiagorekin", "EH Bilduk azken lau urteetan izandako lidergoa baieztatzen du", esan duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Europako hauteskundeak emaitzak Europako hauteskundeak Nafarroako Hauteskundeak Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Parlamentua Hauteskundeak Udal eta foru hauteskundeak 2023 EAEko eta Nafarroako Udal eta Foru Hauteskundeak emaitzak Eae-ko udal eta foru hauteskundeak Nafarroako udal eta foru hauteskundeak