Politika -

Aberri Eguna, erreakzioak

EAJren proiektua Batasunaren 'fanatismoari' lotuta dagoela dio PPk

Javier de Andres kezkatuta agertu da Iñigo Urkulluk Aberri Egunean esandakoekin; hau da, ezker abertzaleari "eguneroko aberrigintzara" "ongietorria" ematen ziola

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJren etorkizunerako proiektua "ezker abertzaleari lotuta" dagoela salatu du Javier de Andres Arabako PPko idazkari nagusiak. Hori dela eta, "aberrigintza" ezin daitekeela lehengo Batasunaren "indarkeriazko abertzaletasun fanatikoan" oinarritu ohartarazi du.

Iñigo Urkulluk (EAJ) Aberri Egunean esandakoak aztertu ditu De Andresek Gasteizen emandako prentsaurrean.

PPko kidearen ustez, Urkulluren hitzek argi eta garbi uzten dute EAJ "ezker abertzaleari etengabe begiratzen diola" eta "jeltzaleen etorkizunerako proiektua" lehengo Batasunari "lotuta dagoela".

Pastor (PSE): "Beldurraren Aberri Eguna izan da"

Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak adierazi duenez, igandeko Aberri Egunaren ospakizuna "EAJren beldurraren antzezpenaren jaia" izan zen.

Politikari sozialistaren arabera, hurrengo egunetan "egoera politiko berriari beldurra dion EAJ ikusi genezake" eta "hauteskundeetan jeltzaleen esparru abertzalea irabazteagatik borrokatuko duten eragileak" ager daitezkeela gaineratu du.

Pastorren iritziz, EAJk Aberri Egunean egindako hitzaldiak "defentsarako jarrera" duela agerian utzi zuen, "euskal politikan lekua hartu gabe jarraitzen duelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea