Politika -
Berrantolaketa M26-aren ostean
Alberto Rodriguezek ordezkatuko du Pablo Echenique Podemosen Antolaketa Idazkaritzan
Idoia Villanueva nafarrak, bestalde, Pablo Bustinduyk Nazioarteko Idazkaritzan utzitako hutsunea beteko du.
Agencias | Redacción
Alberto Rodriguez diputatu kanariarra izango da Podemosen Antolaketa idazkari berria, Pablo Echeniqueren ordez. Idoia Villanueva nafarrak, bestalde, Pablo Bustinduyk Nazioarteko Idazkaritzan utzitako hutsunea beteko du.
Alderdi morearen zuzendaritzako iturriek jakinarazi dutenez, diputatu ezaguna Podemosen hirugarrena izango da aurrerantzean. Rodriguezek Echeniqueren tokia hartuko du, azken horrek Gobernu Itunen Jarraipen Batzordea zuzenduko baitu. Aurrez, Sergio Pascual izan zen Antolaketa burua.
Podemosen Estatuko Kontseilu Hiritarreko kidea zen Rodriguez, baina ez zuzendaritzakoa. Aurreko legegintzaldian Kongresuko Enplegu eta Gizarte Segurantzako eta Industria, Energia eta Turismo batzordeetako bozeramailea izan zen diputatua.
Alderdi moretik nabarmen dutenez, gizarte mugimenduetan eskarmentuko gizona da kanariarra, eta ordezkari sindikala ere izandakoa da. Rodriguez lurraldeen autonomiaren aldekoa omen da, antolaketa zentralizatuaren kaltetan.
A28ko eta M26ko hauteskundeen ondotik Podemos berrantolatzen dabil Iglesias. Alderdi barruan haren zuzendaritzarekin kritiko diren ahotsak azaldu dira, batez ere Andaluziako Podemosetik (antikapitalistak dira nagusi) eta baita Ramon Espinar Madrileko idazkari nagusi ohiaren aldetik ere.
Hauteskunde orokorretan 71 diputatu izatetik 42ra jaitsi da Podemos. Udaletako ordezkaritzan ere behera egin du, eta Kadizko Alkatetza salbu, gainerakoak galdu ditu. Europako hauteskundeetan 6 diputatu eskuratu ditu (duela lau urte, 11).