Politika -

Hauteskundeetako ondorioak

Iglesiasek barne oposiziorik gabe egin ditu aldaketak Podemoseko buruzagitzan

Idazkari nagusiak Estatuko Herritar Kontseiluaren babes ia erabatekoa jaso du alderdi barruko goi-kargudunak aldatzeko.

Alberto Rodriguez Podemosen Antolakuntza idazkari berria. Argazkia: Efe
Alberto Rodriguez Podemosen Antolakuntza idazkari berria. Argazkia: Efe
Alberto Rodriguez Podemosen Antolakuntza idazkari berria. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Iglesias Podemosen idazkari nagusiak Estatuko Herritar Kontseiluaren ia erabateko babesa jaso du gaur alderdiaren buruzagitzan aldaketak egiteko. Azken egunak zalapartatsuak izan badira ere, azkenean inork ez du Iglesiasen papera zalantzan jarri M26ko hauteskundeetako gainbeheraren ostean.

Herritarren Kontseiluak, Asanbladen arteko zuzendaritza organo nagusiak, onartu egin ditu, 42 aldeko botorekin eta sei abstentziorekin, Pablo Iglesiasek proposatutako aldaketak, eta aurrerantzean Alberto Rodriguez izango da Antolakuntza idazkari berria, Pablo Echeniqueren ordez.

Alderdi morea lurraldeka egonkortzeko helburuarekin abian jarri duten aro berri horretarako, Pablo Iglesiasek Ione Belarra bozeramailea eta Pablo Fernandez Gaztela Leongo Podemosen burua sartu ditu koordinazio kontseiluan.

Ana Marcello diputatu ohia eta Txema Guijarro Unidas Podemosen talde parlamentarioko idazkari nagusia ere kontseiluan sartu ditu, eta Iñigo Errejon Mas Madriden burua, Auxiliadora Honorato eta Pablo Bustinduy kanpoan geratu dira.

Herritar Kontseiluak onartutako aldaketekin, Pablo Echeniquek Gobernu Ekintza, Ekintza Instituzional eta Programa Idazkaritza hartuko du bere gain, eta Noelia Verak bere bozeramaile izaten jarraituko du, Parte-hartze Idazkaritza galduko duen arren.

Aldaketa horiek harrera ona izan dute alderdiaren barruan, eta emaitza txarrei buruz eztabaidatu badute ere, ez dute 2021rako aurreikusita dagoen asanblada aurreratzeko proposamenik egin, Pablo Iglesiasi bere postua kentzeko.

Gainera, Iglesias harro agertu da hasieran, hauteskunde orokorretako emaitza "espero zena baino askoz hobea" izan zelako, maiatzaren 26ko bozen aldean.

Idazkari nagusiak uste du lurralde mailako buruzagitza faltagatik gertatu zela hori, nahiz eta bi salbuespen izan ziren Kichirekin Cadizen, eta Ada Colaurekin, Bartzelonan.

Podemos Andaluziak, berriz, zalantzan jarri du Pablo Iglesiasen Estatu mailako estrategia, PSOErekin koalizio gobernua bilatzea, alegia. "Ulertzen ditugu argudioak, baina ez dugu bat egiten; hitz egin dugu horren inguruan, eta gure jarrera ez da aldatu", adierazi die kazetariei Oscar Perez Ganfornina Andaluziako idazkari politikoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Pablo Iglesias Gaurko azken orduko albistea Podemos bideoak