Politika -
EPAIA
Zigorra Getariako alkateari, taberna bateko zarata ekiditeko neurriak ez hartzeagatik
Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak zazpi urteko inhabilitazioa ezarri dio Nika Lertxundi Getariako jarduneko alkateari, prebarikazio delituagatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak kargu edo lanpostu publikoa betetzeko zazpi urteko inhabilitazioa ezarri dio Nika Lertxundi Getariako jarduneko alkateari, Alde Zaharreko taberna bateko zarata ekiditeko neurriak ez hartzeagatik.
Epaiaren arabera, prebarikazioa egiteagatik zigortu dute, ingurumen gai batean esku ez hartzeagatik.
Aitzitik, Auzitegiak absolbitu egin du Andoni Aristi Getariako aurreko alkatea (EAJ), zarataren nondik norakoak aztertzeko ikerketa bat eskatu zuela argudiatuta.
Halaber, tabernaren aurreko bi maizterrak absolbitu ditu.
Ebazpenean irakur daitekeenez, Nika Lertxundi egoeraren jakitun zen; izan ere, tabernako musikak eta zaratak eragindako kalteen berri izan zuen bizilagunekin egindako bileretan. Halaber, bizilagunek kexak ere aurkeztu zituzten.
Taberna jabez aldatu, eta musika oso altu jartzen hasi ziren. Horrek bizilagunen kexak eragin zituen, eta Aristirekin eta Lertxundirekin bildu ziren gaiari buruz hitz egiteko. Bizilagunei osasunean ere eragin ziela frogatutzat jo du epaileak.
Epailearen esanetan, alkateak erabakiak hartzeko eskumena zuen kutsadura akustikoak kaltea eragiten jarrai ez zezan, baina ez zuen egoerari amaiera emateko erabakirik hartu. "Era arbitrarioan" jokatu zuela uste du epaileak, jabeak taberna utzi zuenean amaitu zelako zarata.
Bestalde, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak hiru urte, sei hilabete eta egun bateko espetxe zigorra ezarri dio tabernako maizterrari. Horrez gain, 1.200 euroko isuna ordaindu beharko du eta ezingo du urtebetez ostalaritzako negoziorik izan. Erantzukizun zibil gisa, ostera, 23.000 euroko kalte-ordaina eman beharko die kaltetutako zortzi bizilagunei.