Politika -

Presoak

Bide juridikoa egiteko presoei trabarik ez jartzeko eskatu du Etxeratek

Euskal presoen bi herenek ibilbide juridikoa hasi dute, kartzelako bizi-baldintzak hobetzeko, Euskal Herrira ekartzeko edo libre geratzea lortzeko.

Etxerateko bozeramaileak eta abokatuak. Argazkia: Etxerat
Etxerateko bozeramaileak eta abokatuak.
Etxerateko bozeramaileak eta abokatuak. Argazkia: Etxerat

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxeratek 2017ko udazkenean hartu zuen euskal presoei osasun asistentzia eta laguntza juridikoa bermatzeko ardura, eta gaur, Onintza Ostoloza eta Iñaki Zugadi abokatuak ondoan zituztela, agerraldia egin du balantzea egiteko.

Orduz geroztik, 213 euskal presoetatik 142k hasi dute ibilbide juridiko indibiduala, espetxeko bizi-baldintzak hobetzeko, Euskal Herrira ekartzeko edo libre geratzea lortzeko. Legedi arrunta aplikatzea eskatzen dute, baina Etxeratek salatu duenez, ETAko presoei oraindik ere "salbuespeneko neurriak" ezartzen dizkiete.

Azken bi urteotan, 53 euskal preso geratu dira libre, zigorra osorik bete ostean; hortaz, egun 213 euskal preso daude. Horietako 142k graduz aldatzea eskatu dute, lehen graduan egonda ezinezkoa baita onurarik eskatzea, hala nola, lan-destinoak edo bestelako ekimenak galdegitea, kaleratzeari begira.

Alabaina, Etxeratek salatu du euskal presoei "trabak jartzen" dizkietela bere ibilbide juridikoan aurrera egiteko. "Edozein pauso emanda ere, salbuespeneko neurriak aplikatzen dizkiete; ez diete legedi arrunta ezartzen", deitoratu du.

Presoen eskaerak Espetxeetako Zuzendaritzari, Espetxe Zaintzako Epaitegi Nagusiari eta Auzitegi Nazionalari igorri dizkiete.

Gainerako presoek ibilbide juridikoa hasi ez badute, Euskal Herritik oso urrun dauden kartzelatan, oso baldintza txarretan eta abokatuekin harremanetan egoteko oztopoak jartzen dizkietelako dela erantsi dute.

Gauzak horrela, euskal presoen ibilbide juridikoan "trabarik ez jartzeko" eskatu dio Etxeratek datozen asteetan osatuko den Espainiako Gobernuari.

Halaber, PSOEren Gobernuak "oso gutxi" egin duela kritikatu dute. Etxeratek ordezkariek emandako datuen arabera, 25 preso hurbildu dituzte, baina inor ez Euskal Herriko espetxeetara; bi preso urrundu egin dituzte; eta gaixotasun larria duen preso bat etxean ari da zigorra betetzen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak ETA Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak