Politika -

Bakea eta bizikidetza

Legebiltzarrak aho batez onartu du torturaren biktimak aitortzea

Ekimena Elkarrekin Podemosek aurkeztu du eta talde parlamentario guztiek onartu dute. Eusko Jaurlaritzak 2020ko ekainaren 26an egingo du torturaren biktimen aldeko ekitaldia.

Eusko Legebiltzarra. Artxiboko argazkia: EFE
Eusko Legebiltzarra.
Eusko Legebiltzarra. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekainaren 26an Torturaren Biktimen Aldeko Nazioarteko Eguna ospatzeko Nazio Batuak bultzatutako ekimenarekin bat eginez, Eusko Jaurlaritzak ekitaldi bat antolatuko du datorren urteko uda hasieran.

Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Kooperazio idazkari nagusiak egin du iragarpena, Legebiltzarrak aho batez egun hori ospatzeko proposamena onartu ostean.

Pili Zabala Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak, GALek hildako Joxi Zabalaren arrebak, egindako proposamen batean du jatorria ekimenak. Gainerako alderdiek, EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk babestu egin dute Zabalak aurkeztutako legez besteko proposamena.

Egun horren helburua da gizarte osoaren aurrean biktimak aintzatestea, "giza eskubideen urraketa larri horrek dakarren bidegabekeria dela eta".

Horregatik, egun hori ospatzeko egingo duten ekitaldira begira, Legebiltzarreko alderdi guztien adostasuna bilatuko dute.

Fernandezek "une gogoangarritzat" jo du onarpena, eta baieztatu du Euskadiren normalizazioak gisa horretako aurrerapausoak nahi dituela.

Halaber, ziurtatu du ekainean egingo duten ekitaldia denboraz antolatuko dutela, alderdi politiko guztiekin "adostasun batera" heldu ahal izateko.

Zabala harro agertu da lortutako adostasunagatik, eta nabarmendu du ez doala "inoren aurka". "Helburua ez da Segurtasun Indarrak kriminalizatzea", argitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Eguneko albisteak Albisteak Pili Zabala Memoria Historikoa Polizia indarkeriari buruzko albisteak