Itxi

2017/12/18

21:53

Politika

Torturari buruzko txostena

4.113 tortura kasu izan dira EAEn 1960 eta 2014 urteen artean

EITB.EUS

Guardia Zibila 1.792 tortura kasutan dago nahasita; Espainiako Polizia 1.785 kasutan; eta Ertzaintza 336 kasutan. Paco Etxeberriak ohartarazi du tortura kasuak askoz gehiago direla.

4:07
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Euskal Autonomia Erkidegoan gutxienez 4.113 tortura kasu izan dira 1960 eta 2014 urteen artean. Hala dio tortura eta tratu txarrei buruz Eusko Jaurlaritzak agindutako txostenak. Kasuak, baina, askoz gehiago izan daitezkeela ohartarazi dute.

Ikerketa Paco Etxeberria auzitegi medikuak eta Laura Pego Kriminologia Institutuko zuzendariak gidatu dute, eta gaur aurkeztu dituzte xehetasun guztiak, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza idazkaria ondoan zutela.

Txostenaren arabera, biktimen % 83 gizonezkoak dira eta % 17 emakumezkoak, gehiengoa gaztea.

Horietako batzuk behin baino gehiagotan torturatu zituzten. Beraz, torturak jasandako pertsonen kopurua zehatza hau da: 3.415.

Guardia Zibila 1.792 tortura kasutan dago nahasita; Espainiako Polizia 1.785 kasutan; eta Ertzaintza 336 kasutan.

Torturak eta tratu txarrak sufritu zituzten lagunen % 43 aske utzi zituzten, eta horietako % 35 inolako kargurik gabe.

Tortura metodoei dagokionez, poltsa Guardia Zibilak erabili izan du bereziki; elektrodoak eta bainera, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak. Ertzaintzak, berriz, atxilotuak jarrera txarretan jartzen zituen, nekea eragin eta indarrak ahitu arte.

Horrez gain, ikerketak erakutsi du torturaren biktimek ez dutela inolako arretarik eta aitortzarik jaso.

Inkomunikazioa eta torturaren ukatzea

Paco Etxeberriak jakinarazi du beste 454 espediente dituztela ikertzeko eta diktadura garaiko eta trantsizioko 1.081 salaketa soilik aztertu dituztela. "Baina urte haietan torturaren praktika orokorra zen eta, beraz, aipatutako baino kasu askoz gehiago izan ziren", ohartarazi du.

Salaketa kopuru handiena 80eko hamarkadan eman zen eta 2004tik aurrera behera egin zuen. 2014tik aurrera ez da tortura salaketarik izan.

Auzitegi Gorenak 20 kasutan soilik berretsi ditu tortura salaketak. Guztira, 49 polizia zigortu ditu tratu txarrak emateagatik: 21 polizia eta 28 guardia zibil. Ertzaintzaren kontrako epairik ez dago.

Ikerketak ondorioztatu du terrorismoaren akusaziopean atxilotutakoei inkomunikazio erregimena aplikatuta "torturak eta tratu txarrak ematea erraztu" dela eta kasu horiek "ikertzea zaildu" duela.

Ildo horretan, gogora ekarri du Giza Eskubideen Auzitegi Gorenak Espainia zazpi aldiz zigortu duela, tortura salaketak ez ikertzeagatik.

Era berean, ikerketak dio agintariek "sistematikoki" ukatu dutela torturaren existentzia eta gogoratu du torturengatik kondenatutako agenteak indultatzeagatik zigortu zuela Torturaren Batzordeak Espainia.

Ikerketa

Paco Etxeberriak zuzendutako lan-taldeak 26.113 dokumentu baino gehiago aztertu eta 500 biktima elkarrizketatu ditu, torturari eta tratu txarrei buruzko ikerketa egiteko.

Guztira, 1.027 biktimaren testigantza bildu dituzte, elkarrizketetan, audioan eta bideoan.

202 kasutan Istanbuleko Protokoloa aplikatu dute eta biktimen % 5ak “beharrizan berezia eskatzen duten ondorio psikologikoak” dituztela ondorioztatu dute.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;