Politika -
Udala
EAJ, PSE-EE eta PPk Bilboko zinegotzien soldatak murriztea ukatu dute
Ohiz kanpoko bilkurak EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen proposamena bertan behera utzi du; eta, horrenbestez, soldatak bere horretan mantentzea onartu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko Udaleko Gobernuko (EAJ eta PSE-EE) zinegotziek zein PPkoek soldatak murrizteko EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek egindako proposamena ukatu dute astearte honetako ohiz kanpoko bilkuran.
EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin zein PPren abstentzioarekin Bilboko Udalerako ordainsari erregimena onartu dute maiatzaren 26an, hauteskundeetan aukeratuak izan diren zinegotzientzat. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, berriz, ordainsari kopuru horren aurka egin dute.
Juan Mari Aburto (EAJ) alkateak EH Bilduren akusazioak gaitzetsi ditu eta soldatak igotzea bere lehen neurria izan denik "gezurra" dela deitoratu du. Bilboko alkateak 95.001,84 euro gordin jasotzen ditu urtean.
Alkateordeak eta sailetako arduradunek, berriz, 86.562 euro jasotzen dituzte; gainerako zinegotziek, 73.540 euro, lanposturako dedikazio osoa izatekotan, bestela, 55.155 euro jasotzen dituzte.
Jone Goirizelaia EH Bilduo bozeramailearen esanetan, soldata horiek "eskandalagarriak" dira, batez ere alkatearena. Horrenbestez, soldatak % 10 murriztea proposatu du.
Ildo horretan, Aburtok alkatearen soldata 6.000 euroan igo duela salatu du, eta Estatu mailan, Madrilgoaren atzetik, gehien jasotzen duen bigarren alkatea dela kritikatu du Goirizelaiak.
Hala ere, ohiz kanpoko bilkuran EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen proposamena bertan behera utzi dute; eta, horrenbestez, soldatak bere horretan mantentzea onartu dute.