Politika -

Espainiako Gobernua

Koalizio gobernua inbestiduran bozkatzea eskatu dio Iglesiasek Sanchezi

Kongresuak eredu hori baztertzen badu, Iglesiasek bere jarrera 'berrikusiko' duela hitzeman du. Podemoseko buruzagiak uztailean osatu nahi du exekutiboa.

Iglesias, duela egun batzuk ateratako argazki batean. EFE
Pablo Iglesias
Iglesias, duela egun batzuk ateratako argazki batean. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak eskaera zehatza egin dio Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidente eta hautagai sozialistari: aurkez dezala koalizio gobernua inbestidurara (uztailaren 22eta 23an izango da eztabaida) eta ikus dezala Kongresuak horri ematen dion erantzuna. Ganberak eredu hori baztertzen badu, bere jarrera 'berrikusiko' duela hitzeman du Iglesiasek.

Lehenbailehen, uztailean, Espainiako Gobernua osatzearen beharraz analisia egin du Iglesiasek La Vanguardia egunkarian gaur kaleratutako eskutitz batean. Hasieratik koalizio gobernu bat eskatu du Podemoseko buruzagiak, eta PSOEk ezezkoa erantzun dio, Kongresuaren babesa izango ez lukeela argudiatuta.

"Ekainean hitz egin dugun guztietan Pedro Sanchezek honakoa esan dit: koalizio gobernu batean alde egingo luke bi alderdiok Kongresuan gehiengo osoa bagenu. Babes hori ez dugunez, inbestidura aurrera ateratzeko botoak lortzea ia ezinezkoa dela argudiatzen du", azaldu du Podemoseko buruzagiak. Berak, ordea, bestelakoa uste du, eta koalizio gobernuari "sikiera aukera bat" eman behar zaiola iritzi dio.

Hori horrela, "inbestidurak kale ez egiteko, zentzuzkoena koalizio gobernu baterako akordio integral bat lortzea" dela esan dio Iglesiasek Sanchezi, eta Valentziako, Balearretako edo Kanarietako ereduei jarraiki.  

"Inbestidura aurrera aterako balitz, PSOEk eta Unidas Podemosek nahi dutena beteko litzateke: koalizio gobernu progresista eta anitz bat. Blokeo egoera hau gaindituko genuke behingoz", azaldu du Iglesiasek agirian.

Kongresuak gobernu eredu hori baztertuko balu, ordea, Iglesiasek bere jarrera "berrikusiko" lukeela nabarmendu du. "PSOEren hipotesia egiaztatuko litzateke", erantsi du

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PSOE Espainiako Gobernua Pablo Iglesias Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak