Politika -
EH Bildu, aurka
Iruñeko Udalak alkatearen eta zinegotzien soldatak igo ditu lehen osoko bilkuran
Navarra Sumak, PSNk eta Geroa Baik adostu dute zinegotzien ordainsaria % 4 handitzea, eta EH Bilduk erabakiaren aurkako botoa eman du.
Agentziak | Erredakzioa
Iruñeko Udalaren osoko bilkurak zinegotzien ordainsaria % 4 igotzea adostu du legegintzaldiko lehen bileran, Navarra Sumaren (NA+), PSNren eta Geroa Bairen aldeko eta EH Bilduren aurkako bozekin, “2011n jaitsi ziren kantitateak berreskuratze aldera”.
Horrela, alkatearen ordainsaria, erabateko dedikazioarekin, 67.833 eurokoa izango da urtero, zinegotzi delegatuek 53.114 euro jasoko dituzte urtean, talde bakoitzeko hiru zinegotzitik batek 39.726 euro kobratuko ditu esklusibitatearen truke eta erregimen horretatik kanpo daudenek, berriz, 218 euro jasoko dituzte saioko.
Enrique Maya alkateak (NA+) esan du Iruñeko herritarrak ordezkatzeko beren gain hartuko duten lana “oso erakargarri eta interesgarria” dela, eta aurreratu du guztiek aurretik dituztela “eztabaida biziko egunak, baina betiere denok elkarri diogun errespetua gainetik dela”.
Osoko bilkuraren gai zerrendari dagokionez, Ana Elizaldek (NA+) Udaleko ordainsariak igotzearen alde egin du, % 4ko igoera helburu, “halakorik lortzen ez badu ere, 2011ko soldaten maila berreskuratzea baita”.
Aurka agertu den talde bakarra EH Bildu izan da, eta, horren izenean, Joseba Asiron eledunak esan du erabakia “eskuinaren gobernatzeko moduaren oso esanguratsua” dela, eta 2015ean bera Alkatetzara heldutakoan hartu zutenarekin alderatu du, alkatearen soldata % 17 eta zinegotzi delegatuena % 19 murriztu baitzituen.