Politika -
Gobernu osaketa
EAJ: 'Gure marra gorria euskal eskuduntzak urratuko ez dituen gobernu bat da'
Bestalde, EH Bilduk 'hipokrisia kanpoan' uzteko esan dio Sanchezi. Nabarmendu duenez, 'gurekin negoziatu du leku askotan'.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Iturrate EAJren legebiltzarkideak nabarmendu duenez, jeltzaleek ez diote "betorik jartzen" Unidas Podemosi, izan ere, "gure marra gorria euskal eskuduntzak urratuko ez dituen eta EAEko egonkortasun eta garapen ekonomikoa eta autogobernua arriskuan jarriko ez duen gobernu bat da".
Onda Vasca irrati kateari eskainitako elkarrizketa batean azaldu duenez, EAJk "hasieratik" esan du "negoziatzeko eta hitz egiteko prest" dagoela, eta "marra gorririk eta betorik" ez duela. Dena dela, honakoa erantsi du: "Gauza bat da jarrera hori, eta beste bat Espainiako presidente baten inbestidurari EAJren babesa egintzat ematea. Babes hori birritan gertatu da bakarrik: Felipe Gonzalezen eta Jose Maria Aznarren inbestidura banatan. Bi kasuetan Euskadirentzat oso onuragarriak ziren akordio zehatzak eta itxiak lortu genituen".
Iturrateren hitzetan, "guk ez dugu betorik ezartzen, ezta esaten zeintzuk izan behar diren ministroak, gobernuak zer eredu izan behar duen edota Podemosek exekutiboan egon behar duen. Gure betoa bestelakoa da: Euskadiren eskuduntzek bermatuta egon behar dute, ez dira urratu behar eta autogobernuaren garapenak bermatuta egon behar du".
EAJren legebiltzarkideak nabarmendu duenez, PSOE "zoriaren esku ari da etorkizuna uzten, larregi ari da itxaroten". Podemosi dagokionez ere, kritiko azaldu da Iturrate: "Taktikari bakarrik erreparatu dio, karguak edo nolabaiteko ordezkaritza lortzeko obsesioarekin".
Euskadiko egoera politikoari buruz galdetuta, legebiltzarkide jeltzaleak uste du aurrekontuak ez onartzeak ez duela "Legebiltzarra desegitea" eta hauteskundeak aurreratzea ekartzen, baina "PPk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Jaurlaritza higatzeko estrategia basatiari eusten badiote, EAEren gobernagarritasuna ezinezkoa izango da", erantsi du.
Iriartek (EH Bildu) hipokrisia uzteko eskatu dio Sanchezi
Maddalen Iriarte EH Bilduko Legebiltzarreko bozeramaileak, bestalde, 'hipokrisia kanpoan' uzteko esan dio Sanchezi Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean.