Politika -
ANk debekatutako martxa
Aske, Arrasaten ANk debekatutako ekitaldian atxilotutako hiru lagunak
Epaileak deitu zain aske gelditu dira, larunbatean "biziarteko kartzela zigorrik ez" lemapean Auzitegi Nazionalak debekatutako ekitaldian parte hartu zuten hiru atxilotuak.
Erredakzioa
Bart azken orduan aske gelditu dira, epaileak deitu zain, arratsaldean Arrasaten (Gipuzkoan) Auzitegi Nazionalak debekatutako presoen aldeko ekitaldi batean atxilotutako hiru lagunak. Ekitaldia Jon Agirre ETAko preso ohiarentzako omenaldia zela ulertuta debekatu zuen Eloy Velasco epaileak. . Herrizaingo Sailak jakitera eman zuenez, atxiloketak 18:30ak aldera egin zituzten, hainbat pertsona Biteri plazaren inguruetan bildu zirenean. Bertara Jon Agirre hurbildu eta ondoren balkoi batera atera zen ekitaldiaren leloa idatzita zeukan kartel batekin: "Biziarteko kartzela zigorrik ez".
Momentu horretan, Ertzaintza elkarretaratzea desegiten saiatu zen eta hiru pertsonak bertan jarraitzeko "asmo sendoa" agertu zuten. Hori dela eta, atxilotu egin zituzten.
Larunbat goizean, Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak 18:00etarako deitutako ekitaldia debekatu egin zuen "Jon Agirre ''Elurtxun'' ETAko preso ohiari omenaldia egiteko ekitaldia" zela ulertuta. Agirre maiatzaren 3an atera zen kartzelatik 30 urte bete ondoren.
Velascoren erabakiak Fiskaltzaren babesa izan du eta Polizia Nazionalak, Guardia Zibilak eta Ertzaintzak egindako txostenetan oinarritzen da. Txosten horietan, protestaren antolatzaileak "ETAren aldekoak" zirela esaten zuten.