Politika -

Espainiako Gobernua

Sanchezek asteartean abiatuko du babesak lortzeko bilera-sorta berria

Pablo Iglesiasen iritziz, ezinbestekoa da ministroak bi alderdien artean adostea. Proposamen hori baztertzea lehen inbestidura saioan “porrota” ekarriko liokeela uste du.

Pedro Sanchez, Espainiako Gobernuko jarduneko presidentea. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez, Espainiako Gobernuko jarduneko presidentea. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez, Espainiako Gobernuko jarduneko presidentea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez PSOEko buruzagiak datorren asteartean hasiko du Espainiako Gobernuko presidente izendatzeko behar duen babesa lortzeko bilera-sorta berria. Sanchezek jakinarazi du ez duela amore emango Unidas Podemosek jarritako baldintzaren aurrean. Izan ere, hautagai sozialistaren inbestidura errazteko "koalizio-gobernua" osatzea proposatu dio Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteari.

Pedro Sanchezen inbestidura saioa bi aste barru izango da, uztailaren 22an eta 23an, Diputatuen Kongresuan. Aurretik, hautagai sozialistak babesa lortzeko bilera-sorta berria egingo du, eta Iglesiasekin asteartean (eguerdian) bilduko da, akordioa adosteko “oinarri sendoa” duela iritzita.

Orain Unidas Podemosi dagokio erabaki bat hartzea”, azpimarratu dute PSOEtik. Ildo horretatik, bere “eskaera malgutu” eta Sanchezek egindako eskaintza onar dezan eskatu diote Iglesiasi, Sanchezen gobernuan alderdi morearen hurbileko “ministro independenteak” egon daitezen.

Iglesiasek, ordea, bere jarrerari eutsi dio. Bere iritziz, Espainiako Gobernuak egonkortasuna izateko ezinbestekoa da ministroak bi alderdien artean adostea. Hala, proposamen hori baztertzea lehen inbestidura saioari “porrota” ekarriko liokeela uste du Iglesiasek, nahiz eta, testuinguru horretan, negoziatzeko prest egongo litzateke berriro.

Egun berean, Pablo Casado PPko presidentearekin bilduko da Sanchez. Alabaina, popularrek aurretik iragarri zuten jarrerari eutsiko diote, eta ez dute hautagai sozialistaren inbestidura erraztuko bigarren bozketan abstentzioa emanez. Kasu horretan, PSOEren hautagaiak gehiengo sinplea beharko luke Espainiako Gobernuko presidente izendatzeko.

PPk eta Ciudadanosek haien abstentzioarekin Sanchezen inbestidura erraztuko ez dutela ikusita, CISek joan den astean kaleratutako datuak aurrean izanda erantzungo dio Sanchezek Iglesiasi. Inkesta horren arabera, hauteskunde orokorrak berriro izango balira, PSOE gehiengo absolututik gertu egongo litzateke, botoen ia % 40ko babesa lortuta.

Gauzak horrela, erabakigarria izan liteke Kataluniako alderdi independentistek Sanchezen inbestidura saioan izango duten jarrera.

Podemosek oinarriei galdetuko die zer bozkatu

Podemosek oinarriei galdetuko die Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentegai sozialistaren inbestidura saioan zer bozkatu, bi alderdien artean akordioa egon edo ez.

Pablo Iglesias buru duen alderdiak oraindik ez du erabaki zein izango den oinarriei egingo dien galdera, besteak beste, Podemosetik azpimarratu dutelako oraindik ez dituztela negoziazioak hasi PSOErekin, eta, ondorioz, sozialistek ez dutela proposamenik egin militanteek iritzia eman ahal izateko.

Iglesias eta Sanchez asteartean bilduko dira, eta galdeketa uztailaren 15etik 21era bitartean egingo dute beranduenez. Ohikoa den bezala, galdeketa modu telematikoan egingo dute, Podemosen webgunean. Zehazki, atari horretan izena eman duten 190.000 pertsona inguruk dute kontsulta horretan parte hartzeko aukera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Espainiako Gobernua argazkiak Espainia argazkiak Pablo Iglesias Alderdi politikoak albisteak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Podemos albisteak