Politika -

Negoziaketak

EAJk ez dio PSOE eta Podemosen arteko Gobernu bati betoa jarriko

Ortuzarrek esan duenez, jeltzaleak "beharrezko kolaboratzaileak" izatea espero badute, beharrezkoa da EAJrekin gobernu programari buruz hitz egitea.

Andoni Ortuzar. Irudia: EiTB.
Andoni Ortuzar.
EAJk adierazi du ez diola betorik jarriko koalizio gobernu bati

1:34

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOE eta Unidas Podemosen arteko balizko koalizio gobernu bati EAJk ez liokeela betorik jarriko esan du Andoni Ortuzar EBBko presidenteak. Hala ere, EAJ "beharrezko kolaboratzailea" izatea espero badute, eta ez soilik inbestidurarako, baita legealdian zehar ere, jeltzaleekin hitz egin beharko dute garatuko den programari buruz.

Cadena Ser-en Ortuzarrek esan duenez, PSOE eta Unidas Podemosen arteko negoziaketei buruz, "lehenik programaz" hitz egin behar da, baina, kasu honetan, "etxea teilatutik edo tximiniatik hasi da", hau da, "aulkien ustezko banaketatik". Pablo Iglesias ministroa izateko aukerari buruz, Ortuzarrek uste du "ministroa izan beharko dela gobernu programa garatzeko formulak hori gomendatzen badu, baina ez per se".

Adriana Lastra sozialistak esan zuen zenbait talderi "zail" egingo lekiekeela PSOE eta Unidas Podemosen arteko koalizio gobernu bat babestea. Horren harira, Ortuzarrek esan du ez dela "ona, bakoitzak bere jarrera justifikatzeko, hitz egin ez duen eta ezer esan ez duen hirugarren bat erabiltzea".

Buruzagi jeltzaleak esan duenez, EAJk eskatzen duena "argitasuna eta gardentasuna da, eta gobernu programa zein izango den eta EAJrengandik zer espero den jakitea". Zentzu horretan, esan du EAJrentzat gobernu formula "bigarren mailakoa" dela eta, beraz, Podemos dagoen gobernu bati betoa jarri diotenik ukatu du. Hori "akats larri" bat litzatekeela gehitu du.

"Eskatu dezakeguna, gure botoak inbestiduran hastea baina legealdian zehar ere jarraitzea espero badute, gurekin programari eta egingo denari buruz hitz egitea da", esan du.

Ortuzarren arabera, EAJ ezin da "mozolopintoa" izan, baina ez du betorik jarriko. Hala ere, "bidezkoa" iruditzen zaio jeltzaleekin hitz egitea, eta "EAJ politika batzuk eta erreforma batzuk egiteko beharrezko kolaboratzailea izatea espero bada, politika eta erreforma horiek gurekin eztabaidatu beharko dira".

Pedro Sanchezek "Gobernuaren barruan ezegonkortze faktorerik ez egotea” ulergarria iruditzen zaio Ortuzarri, eta Unidas Podemosek horren "bermeak eman" beharko lituzke, orain arte "oposizio gogorra" egin duelako. Buruzagi jeltzalearentzat, negoziazio horietan "gutxiago hitz egin eta gehiago egin" behar da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PSOE Andoni Ortuzar Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak