Politika -

Inbestidura

EH Bilduren asmoa ez da inbestidura 'aktiboki' babestea, ezta blokeatzea ere

Aizpuruak ez du argitu zein izango den EH Bilduren botoa, baina ziurtatu du koalizio abertzaleak egokitzat jotzen duen jarrera ez dela Sanchezen inbestidurarako "oztopo" izango.

Mertxe Aizpurua EH Bilduren Kongresuko bozeramailea. Argazkia: EFE
Mertxe Aizpurua EH Bilduren Kongresuko bozeramailea
Mertxe Aizpurua EH Bilduren Kongresuko bozeramailea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mertxe Aizpurua EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak adierazi du Pedro Sanchezek ez duela koalizio abertzalearen "babes aktiborik" izango. Halere, argi utzi du, baita, ez dutela inbestidura blokeatzeko asmorik.

Donostian emandako prentsaurrekoan, Aizpuruak ez du argitu zein izango den EH Bilduren botoa, baina ziurtatu du koalizio abertzaleak egokitzat jotzen duen jarrera ez dela Sanchezen inbestidurarako oztopo izango, "PSOEren idazkari nagusiaren eta Pablo Iglesias Unidas Podemoseko buruzagiaren arteko negoziazioak gorabehera".

"Pedro Sanchezek argi utzi du ez duela inondik inora EH Bilduren babesik nahi, eta aktiboki, behintzat, argi dugu ez dugula haren alde egingo", zehaztu du.

Lau diputatu abertzaleak bozketan abstenitu egingo ote diren galdetuta, Aizpuruak ez du EH Bilduren botoa argitu, nahiz eta berretsi duen ez diotela hautagai sozialistaren inbestidurari trabarik jarriko.

Alderdi nazionalista guztiek (EH Bildu barne) Sanchezen aldeko botoa emango ote duten ere galdetu diote kazetariek, baina Aizpuruak berehala baztertu du ideia hori. "Ez da erreala, ezta errealista ere, pentsaezina da une honetan", ziurtatu du.

Bukatzeko, nabarmendu du ERCk eta EH Bilduk bat egingo dutela bozketan. Hain zuzen ere, PSOEren eta Podemosen artean akordioa dagoen ala ez dakienean erabakiko omen du ERCk zer bozkatu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Espainiako Gobernua Pedro Sánchez EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak