Politika -

47 auzipetu

Epaia eman aurretik zigorra betetzen ari direla salatu dute 11/13ko auzipetuek

Amaia Vazquez psikologoak azaldu duenez, epaiketaren aurretik gurasoen estresak "antsietatea eta ezinegona sortzen du seme-alabengan”.

11/13 sumarioko auzipetuak. Argazkia: EiTB
11/13 sumarioko auzipetuak. Argazkia: EiTB
11/13 auziaren ondorioz 38 haur 'espetxeen gurpilean' sartzearen aurka azaldu dira

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal presoen eskubideen defentsarekin lotuta 11/13 sumarioan auzipetuta dauden 47 herritarrak “epaia eman aurretik zigorra betetzen" ari direla salatu du larunbat honetan Ion Mintegiaga bozeramaileak. Halaber, irailaren 16an Auzitegi Nazionalean hasiko den epaiketaren hurbiltasunagatik “urduri” daudela esan du, eta epaiak haien ardurapean dauden haurrengan izan dezakeen eragina auzipetuen "buruko minik handiena" bihurtu dela gaineratu du.

11/13 sumarioan auzipetutako 47 herritarren artean, Arantza Zulueta abokatua eta Iñaki Goioaga EH Bilduko senatari ohia daude.

Auzipetuek agerraldia egin dute larunbat honetan Donostiako Alderdi Ederreko lorategietan, haien aurkako ahozko epaiketa eginez gero “inguru hurbil osoak” pairatu beharko lituzkeen ondorioen berri emateko. Gainera, egoera horrek haien ardurapean dauden seme-alaben etorkizunean eragina izan dezakeela azaldu dute Jon Mintegiaga bozeramaileak eta Amaia Vazquez psikologoak.

Kazetarien aurrean egindako agerraldian, Mintegiagak adierazi du auzipetuek beren jarduera "modu publiko eta irekian" garatu zutela, euskal gizarteko “sektore ezberdinetatik bakearen eta konponbidearen aldeko urratsak eman nahi zirenean".

"Iraganak utzitako sufrimendua gainditzeko lanean ari ginen", esan du Mintegiagak, eta gogorarazi du auzipetuek 38 adin txikikoren ardura dutela. Hala, auzipetu gehienen "buruko minik handiena" haur horien zaintza bihurtu dela ziurtatu du, eta “zer esan, noiz esan eta nola esan” ondo pentsatu behar dutela esan du, horrek haurrengan eragin ditzakeen ondorioak direla eta.

"Epaiketaren gertutasunaren aurrean, etxeetan urduritasuna nagusitu da, eta egoera hori gure seme-alabengan eragina izaten hasia dela sumatzen dugu. Zigortuak izanez gero, egoera eraman ezinak eragin ditzakeen ondorio larriek kezka eragiten digute", laburbildu du auzipetuen bozeramaileak.

Bestalde, Amaia Vazquez psikologoak azaldu duenez, epaiketaren aurretik gurasoen estresak "antsietatea eta ezinegona sortzen du seme-alabengan”. Alabaina, baliteke “egoerak okerrera egitea”, sintomak "sakonduz" joango direlako.

“Gurasoak espetxeratzeak depresioa, abaildura eta itxaropen falta ekar lezake, eta, muturreraino joz gero, suizidioaren ideia garatu ahal izango lukete adingabeek", ohartarazi du Vazquezek.

Arrazoi horiengatik, epaiketa "bertan behera utzi" eta "konponbideari eta etorkizunari” ateak irekitzea eskatu dute agerraldia egin dutenek.

Ekainaren 1ean, prozedura judizial honetako auzipetuek beste agerraldi bat egin zuten, eta irailaren 14rako epaiketaren kontrako manifestazioa deitu zuten Bilbon, "herritarren babesean eta kalean" auziari "erantzuteko" asmoz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak Eguneko albisteak Albisteak