Politika -

Inbestidura

PSOEk Irene Monterori presidenteordetza ematea onartu duela argitu du Calvok

Unidas Podemosek erantzun duenez, ez dute 'presidenteordetza sinbolikorik' onartuko, 'eduki eta aurrekontu bakoa'.

Calvo, adierazpenak egiten, gaur. Argazkia: EFE
Carmen Calvo.
Calvo, adierazpenak egiten, gaur. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carmen Calvo Espainiako jarduneko presidenteordeak baieztatu duenez, Irene Monterori presidenteordetza bat emateko Unidas Podemosek egindako eskaria onartu du PSOEk.

Diputatuen Kongresuko patioan egindako adierazpenetan ziurtatu duenez, inbestidurako azken bozketa egin arte, "azken minutura arte", sozialistek Unidas Podemosekin negoziatzen jarraituko dute. Pablo Iglesias Unidas Podemoseko buruzagiak atzo egindako hitzaldiak egoera "zaildu" duela onartu ostean, ukatu egin du PSOEk Unidas Podemosi politika "dekoratiboak" eskaini dizkiola.

Jarduneko presidenteordearen hitzetan, bere alderdiaren baitan harriduraz hartu zuten Iglesiasen atzoko hitzaldia. Negoziazioen inguruko xehetasunak eman zituen eta, ondorioz, egoera "okertu".

Calvok baztertu egin du PSOEk Unidas Podemosi ministerio edo eskumen "dekoratiboak" eskaini dizkiola, atzo Iglesiasek iradoki zuenaren kontra. Aitzitik, ezkerreko zigilua duten "politika oso garrantzitsuak" eta "lan arlo" oso "erakargarriak" proposatu dizkiotela adierazi du.

Unidas Podemosek erantzun du ez dutela "presidenteordetza sinbolikorik" onartuko

Unidas Podemosek berehala erantzun dio Carmen Calvo Espainiako jarduneko presidenteordeari, PSOEk eskainitako presidenteordetza ez dutela onartuko esanez. Koalizio morearen esanetan, kargu "sinbolikoa" da, edukirik eta aurrekonturik gabea eta pisu handiko eskumenik gabea.

Koalizio moretik diotenez, PSOEk eurentzat gorde duen presidenteordetzak ez du ekintza politikorik, edukirik edota aurrekonturik. Gaineratu dutenez, sozialistek eskaini dioten gauza konkretu bakarra haurtzaro gaietako zenbait eskumen dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Hauteskunde Orokorrak Emaitzak