Politika -
INBESTIDURA
Gaur izendatuko dute Maria Chivite Nafarroako presidente
Hautagai sozialistak 19:15ean hasiko den bozketara arte itxaron beharko du. Gehiengo soilarekin eta EH Bilduko bost parlamentariren abstentzioarekin aukeratuko dute.
EITB.EUS
Azken orduko ezustekorik ezean, Maria Chivite hautagai sozialista Nafarroako presidente izendatuko dute gaur. Atzoko saioan ez zuen Nafarroako Parlamentuaren babesa lortu, eta gaur arratsaldean egingo den bigarren bozketa beharko du. Gehiengo soilarekin eta EH Bilduren bost parlamentariren abstentzioarekin aukeratuko dute.
19:15ean hasiko den bozketan, gehiengo soila behar du hautagaiak presidente izendatua izateko (ezezko botoak baino baiezko gehiago). Aurreikuspenak betez gero, PSN (11), Geroa Bai (9), Podemos-Ahal Dugu (2) eta Izquierda-Ezkerra (1) alde agertuko dira, EH Bilduko zazpi legebiltzarkideetatik bost abstenitu egingo dira eta bik ezezkoaren alde egingo dute, eta Navarra Sumak kontra bozkatuko du. Horrela, aldeko 23 boto, 5 abstentzio eta kontrako 22 boto jasoko ditu.
Inbestidurako lehen saioan, Maria Chivitek ez zuen presidente izateko Nafarroako Parlamentuaren babesa lortu. Lehen bozketan, Chivitek aldeko 23 boto jaso zituen eta kontrako 27. PSNk (11), Geroa Baik (9), Podemos-Ahal Duguk (2) eta Izquierda-Ezkerrak (1) presidentegai sozialista babestu zuten; Navarra Sumak (20) eta EH Bilduk (7), aldiz, aurkako boza eman zuten.
Inbestidura hitzaldian, Maria Chivitek elkarrizketarako eta adostasunak lortzeko deia egin zuen, "elkarbizitzan aurrera egiteko" eta "bereizten gaituen pluraltasuna eta aniztasuna arma gisa ez erabiltzeko, balio erantsi bezala baizik".
Chiviteren esanetan, "ezkerraren eta nazionalismoaren arteko akordio hau ez da berria, ez Espainian ezta Nafarroan ere, beste erakunde batzuetan ere lortu delako, eta aktoreak zentraltasun politikoan daudenean eraginkorra dela ikusi da; zentraltasunak pluraltasuna islatzen du, eta desberdintasunak, demokrazian legitimoak direnak, albo batean uzten ditu gehiengoaren sentsibilitate sozialak eskatzen dituen politika aurrerakoiak egiteko".
"Hondamenaren guruek jarrera aldatu beharko dute ikusten dutenean Gobernu hau zentraltasun horretan egongo dela, eta beren proposamenak ez direla arraroak edo sektarioak izango, eta ez dutela ezer arriskuan jarriko eta ez direla katastrofe bat izango", adierazi zuen Chivitek. "Orekatuak, zentzuzkoak, arrazoizkoak eta arrazoituak izango dira, eta beti interes orokorrari erantzungo diete", gehitu zuen.
Hautagai sozialistaren ustez, "Nafarroa ez da homogeneoa eta uniformea, ez ikuspuntu sozial batetik, ez lurralde ikuspuntu batetik, ezta ikuspuntu ideologiko batetik ere, eta ez da izan behar. Horregatik, nire hautagaitzak desberdintasunari errespetua izatearekin dauka konpromisoa, eta interes orokorraren nagusitasunarekin ere".
Eztabaida bizia, Chiviteren eta Esparzaren artean
Espero bezala, eztabaida bizia izan zen Javier Esparza Navarra Sumako bozeramailearen eta Maria Chivite Nafarroako presidentegaiaren artean. Oposizioko lehen indarrak bere eserlekua "ETAko biktimen eta hauteskunde programaren gainetik" jartzea egotzi zion.
Gainera, "gezurretan" aritzea leporatu zion Chiviteri, 23 eserlekuko gehiengoa osa zezaketen zabalena zela esan zuelako, Navarra Sumak eta PSNk 30 ordezkariz osatutako gehiengoa izan zezaketelako. Era berean, EH Bildu "lehentasunezko solaskidea" aipatu ez izana, eta ETAk egindako hilketez eta askatasunaz espresuki ez hitz egitea aurpegiratu zion hautagai sozialistari, "erkidegoan sufritutakoa sufritu ondoren".
EH Bildu: "Ateak ireki eta ixteko giltza gara"
Bakartxo Ruiz EH Bilduk Nafarroako Parlamentuan duen bozeramaileak azpimarratu zuenez, EH Bildu gabe "ezinezkoa da" eskuinaren alternatiba bat osatzea. Halaber, koalizio abertzaleak oposizio "irmoa" egingo duela iragarri zuen. "Ateak ireki eta itxi ditzakeen giltza gara", gaineratu zuen.