Politika -
Memoria historikoa
Hegoaldeko 91 herritar hil ziren nazien kontzentrazio esparruetan
Espainiako Aldizkari Ofizialak argitaratutako zerrendan 36 bizkaitar, 26 nafar, 25 gipuzkoar eta 5 arabar agertzen dira. Gehienak 1941ean hil ziren.
Agentziak | Erredakzioa
Hego Euskal Herriko 91 herritar hil ziren nazien kontzentrazio esparruetan, batez ere Austriako Mauthausenen parte zen Gusen esparruan, Espainiako Aldizkari Ofizialak (BOE) argitaratutako izenen zerrendaren arabera.
91 euskal herritar horiek BOEk ezagutzara emandako 4.427 espainiarren zerrendan daude. Helburua familiarrei erregistroa erraztea da.
Zerrendako 91 euskal herritarren artean, 36 bizkaitar, 26 nafar, 24 gipuzkoar eta 5 arabar daude.
Espainiako 4,427 biktimen izen-abizenez eta jaiotze dataz gain, jaioterria eta hil ziren data ere agertzen da erregistroan.
Euskal herritarren kasuan, gehienak 1941ean hil ziren. Besteak 1942 eta 1945 artean hil zituzten.
Gusen eta Mauthausenez gain, beste kontzentrazio esparruetan ere hil ziren euskal herritarrak daude: Watensted, Ellrich, Dauchau, Flossenburg, Hradischko, Bergen-Belsen, Sachsen-Hausen, Steyr-Mauthausen eta Dora.
Familiarrek eta interesatuek alegazioak aurkezteko aukera dute, hilabeteko epean. Horrela, oraindik egon ez diren hildakoen erregistroan sartzeko aukera izango dute.
Espainiako Gobernuaren arabera, Gerra Zibilaren ostean nazien kontzentrazio esparruetan deportatuta bukatu zuten 10.000tik gora espainiarrei eskerrak eta erreparazioa eman nahi zaie. Erdia bertan hil ziren.
Justizia Ministerioak esan duenez, "gobernu frankistak espainiar nazionalitatea kendu zieten, eta herrigabetzat hartu zituzten".
Gogorarazi dutenez, Ministroen Kontseiluak maiatzaren 5a biktima horiek omentzeko egun bezala ezartzea adostu zuen apirilean.