Politika -

Sabotajea

ETAko biktimen omenez jarritako plakei eraso egin diete Donostian

ETAko bost biktimen omenez aurreneko plakak jarri zituen Udalak aurten. Ezezagunek esprai beltzarekin estali dituzte guztiak.

Esprai beltzarekin estalitako plakak. Argazkia: EFE/ Juan Herrero
ETAko biktimen omenez jarritako plakei eraso egin diete Donostian
Esprai beltzarekin estalitako plakak. Argazkia: EFE/ Juan Herrero

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAko bost biktimen omenez aurreneko plakak jarri zituen Donostiako Udalak aurten. Ezezagunek eraso egin diete, eta esprai beltzarekin estali dituzte guztiak. Dagoeneko garbitu dituzte.

Terrorismoaren Biktimen Memorialak eta Covite eta AVT bezalako elkarteek erasoa salatu dute ostiral honetan sare sozialetan. Era berean, Eneko Goia Donostiako alkateak "irmo" gaitzetsi du.

Plakak martxoaren 23an jarri zituzten, Askatasunaren Hiribidearen espaloian. Juan Maria Araluce Gipuzkoako Aldundiko presidentea, haren txoferra Jose Maria Elicegui eta haren bizkartzainak, Antonio Palomo Perez, Luis Francisco Sanz Flores eta Alfredo Garcia Gonzalez poliziak, oroitzeko jarri zituzten. ETAk tirokatu zituen 1976an.

Plakak erasoaren tokian jarri zituzten. Horrela, terrorismoaren eta polizia gehiegikerien biktimak indibidualki oroitzeko prozesuari hasiera eman zion Udalak, eurekin duen "zorra" kitatzeko.

25 x 25 zentimetroko plakak dira, eta Askatasunaren Hiribidekoak orain arte jarritako bakarrak dira. Aurreneko lauak martxoaren 23an jarri zituzten, eta ekainaren 1ean Alfredo Garciarena jarri behar zuten, baina orain arte ez dute haren seniderik topatu, dagokion baimena eskatzeko.

Goia: "Lotsagarria da, nahigabe handiagoa baino ez du sortzen"

"Horrela tratatzen dute terrorismoaren biktimen memoria Donostian: ezabatuz", salatu du Covitek Twitter sare sozialean. Alkateak "zerbait egitea" espero dutela erantsi du elkarteak.

Albistearen berri izan bezain laster Goiak agiri bat argitaratu du, "ezin zurituzko erasoa irmo" gaitzesteko. "Lotsagarria da, nahigabe handiagoa baino ez du sortzen", adierazi du.

Gainera, plakak garbitzeko edo konpontzeko agindua eman die alkateak Udaleko mantentze-lan zerbitzuei. Dagoeneko garbitu dituzte.

"Gogorarazi beharra dago, giza eskubideen urraketa baten memoriarako osagaiak dira, eta horregatik errespetatu behar dira", nabarmendu du alkateak.

Jaurlaritza: "Erasoa egin dutenen gizatasun falta bakarrik deskribatzen dute pintadek"

Era berean, erasoa "irmo gaitzetsi" du Eusko Jaurlaritzak. "Hilzorian dagoen iragan baten parte da; euskal gizartearen gehiengo zabalak gaitzetsi du", azpimarratu du Exekutiboak.

"Biktimen sufrimenduarenganako errespetua" eskatu die Lehendakaritzak sabotajearen egileei. "Euren gizatasunaren barruan beharrezko gutxieneko sentsibilitatea bilatzeko" eskatu die, "hurkoaren sufrimenduarenganako oinarrizko errespetu eta enpatia agertzeko".

"Erasoa egin dutenen gizatasun falta bakarrik deskribatzen dute pintadek", nabarmendu du Jaurlaritzak. Bestalde, biktimei "babes osoa" azaldu die Exekutiboak, "euskal gizartearen elkartasuna izango dutelako, orain eta etorkizunean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Politika Donostia Gipuzkoa Eneko Goia ETA Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak