Politika -

Epaiketa Auzitegi Nazionalean

San Gil: 'Ez naiz Ordoñez tirokatu zuen pertsona gogoratzeko gai'

Euskadiko PPko presidente ohiak deklaratu duenez, tiroketaren ostean, armadun lagunaren atzetik joan zen. Ordoñezen heriotzagatik Juan Ramon Carasatorre epaitzen ari dira Auzitegi Nazionalean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria San Gil Euskadiko PP alderdiko presidente ohiak Auzitegi Nazionalean azaldu duenez, ez da Gregorio Ordoñez tirokatu zuen laguna gogoratzeko gai. 1995eko urtarrilaren 23an Donostiako jatetxe batean bazkaltzen zeundela, Gregorio Ordoñez PPko Donostiako Udaleko zinegotzia tiroz hil zuten.

Asteazken honetan Juan Ramon Carasatorre Aldaz epaitzen ari dira Auzitegi Nazionalean. Honi 1995ean izandako Gregorio Ordoñez zinegotziaren hilketa leporatu diote eta fiskalak 30 urteko espetxe zigorra eskatu du. Delitu honengatik ere kondenatu dituzte dagoeneko Francisco Javier Gaztelu, Txapote, eta Valentin Lasarte Oliden. Fiskalak erailketa delitua egotzi dio Carasatorreri. Gainera, behin aske egonda, bost urtez Donostiara itzultzeko eta biktimaren familiaren zonaldean bizitzeko debekua eskatu du.

Carasatorrek uko egin dio fiskalaren eta akusazioaren galderei erantzuteari. Akusazioaren izenean biktimaren alarguna, Donostiako Udala eta Terrorismoaren Biktimen Elkartea aurkeztu dira.

Lekuko bezala deklaratzean, Ordoñezen hilketaren eguna gogoratu du Maria San Gilek. "La Cepa" izeneko jatetxean beste bi lagunekin batera zeundela, "norbait sartu zen eta arma bat jarri zion lepoan Ordoñezi. Segundu batean aurpegia desitxuratu zitzaion eta lurrera erori zen. Nik alde egin nuen. Armadun gizonezkoaren atzetik joan nintzen, oso arriskutsua zela ohartu nintzen arte".

PPko presidente ohiak gaineratu duenez, "arma bat ikustean, logikoena da gora begiratzea eta horregaitik beti pentsatu ohi dut armadunari aurpegia ikusi niola baina egia esanda, ez naiz arma zeramatzan pertsona gogoratzeko gai".

PPko hainbat kargu Auzitegi Nazionaleko egoitzara joan dira alarguna eta Ordoñezen arrebarekin egoteko eta laguntasuna eskaintzeko. Besteak beste, Esperanza Aguirre Madrileko erkidegoko presidentea izan da bertan.

"Haiek demokratak baldin badira, ni banoa"

Hauteskundeetan parte hartzeko Bilduri baimendu dion Auzitegi Konstituzionalaren erabakia zorrotz salatu du Ana Iribar Gregorio Ordoñezen alargunak. Iribarrek baieztatu duenez, "antzua" izan da azken urteetako terrorismoaren aurkako borroka. "Haiek demokratak baldin badira, ni banoa. Ez dut ulertzen nola da posible ETA gaitzestea eta aldi berean, bere parte hartze politikoa txalotzea", adierazi du.

Iribarrek zehaztu duenez, ez du inoiz ikusi Zuzenbidezko Estatutik "hainbeste eskuzabaltasunik". "Noiz ikusi izan dugu hainbeste nahaste-borraste eta zinismoa?", gaineratu du. Konstituzioaren baloreak eta terrorismoaren aurkako oinarriak "prostituitzen" dituztenen kontrako jarrera erakutsi du.

Senarraren hilketaren epaiketari buruz, kondenatu dituztenek "zigorrik handiena" jaso dezatela espero du. Gainera, Ordoñezen alargunak adierazi duenez, zigorren betetzea "adi" jarraituko du Gregorio Ordoñez Fundazioak. "Justiziarik gabeko legeak ez du ezertarako balio", ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea