Politika -

Polemika

Bilboko txosna batetik presoen argazkiak kentzeko agindu du Auzitegi Nazionalak

Epailearen erabakiaren berri izan ostean, Txori Barroteko arduradunek 'censored' (zentsuratua) hitza jarri dute presoen aurpegien gainean.

Presoen argazkiak kentzeko agindu dio Auzitegi Nazionalak Txori Barroteri. Argazkia: EiTB
Presoen argazkiak kentzea agindu diote Txori Barroteri. Argazkia: EiTB
Presoen argazkiak kentzeko agindu dio Auzitegi Nazionalak Txori Barroteri. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Aste Nagusiari begira, Txori Barrote konpartsaren txosnan jarritako presoen argazkiak lehenbailehen kentzeko agindu du larunbat honetan Alejandro Abascal Auzitegi Nazionaleko epaileak, biktimekiko umilazio delitu bat izan daitekeela iritzita.

Dignidad y Justicia elkarteak aurkeztu duen salaketari erantzunez hartu du erabaki hori guardiako epaileak, iturri juridikoek jakitera eman dutenez.

Bilboko Aste Nagusian presoen irudi horiek erakusteak, terrorismoaren biktimei eta haien senideei min egin diezaiekeela uste du epaileak, eta, horregatik, bere debekua ezarri du.

19:00ak aldera, eta epailearen erabakiaren berri izan ostean, Txori Barrote konpartsak censored (zentsuratua) hitza jarri du presoen aurpegien gainean.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak Auzitegi Nazionalaren ebazpena jaso du, eta Txori Barroteko arduradunei erabaki horren berri emango die datozen orduetan, argazkiak ken ditzaten. Hala egiten ez badute, ertzainek betearaziko dute epailearen agindua.

Bestalde, Raquel Gonzalez Bizkaiko PPko presidenteak azpimarratu du guardiako epaileak hartu duen erabakia “albiste ona” dela bilbotarrentzat. Alabaina, alkateak eta bere gobernuko kideak (PSE) presoen argazkiak kentzeko lehen urratsa eman ez izana deitoratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aste Nagusia Politika Bilbo berriak Presoak albisteak Eguneko albisteak Albisteak