Gizartea -
2019ko Aste Nagusia
Bederatzi eguneko aste bereziari hasiera eman diote Bilbon milaka lagunek
Beatriz Severrek eskerrak eman dizkio hiriari, “zakila duten neskak eta bulba duten mutilak” daudela ozen esateko bozgorailua emateagatik. Itsasne Nuñez 'Pa... Ya!' Konpartsako kideak bota du txupina.
Agentziak | Erredakzioa
Milaka bilbotarrek eta bisitarik Marijaiaren erregealdiaren hasiera ospatu dute larunbat honetan Bilbon, eta hasiera eman diote bederatzi eguneko Aste Nagusiari.
Txupina lehertu ondoren hasi da jaia, atzo Athleticen garaipenarekin girotzen hasi bazen ere. Eguzkia lagun, konfeti zuri-gorrien kanoiekin eta dagoeneko ohikoa den ‘Bilboko urarekin’ lehertu da festa. Arriaga plazan bildutakoek irina eta arrautzak bota dituzte, Udalak eta konpartsek hori ez egiteko behin eta berriro eskatu duten arren.
Arriaga Antzokiko erdiko balkoian, izokin-koloreko blusa batekin eta gona arrosa ilunarekin agertu da Marijaia. Harekin batera pregoilaria (jaka horia eta bi adarreko kapela beltza) eta txupinera (jaka eta txapel gorria) izan dira.
Beatriz Sever Naizen Euskadiko eta Nafarroako Adingabeen Senideen Elkarteko bozeramaileak nabarmendu duenez, Aste Nagusiko pregoilari izendatzeak Bilbo “hiri irekia” dela erakusten du, “giza esperientzien aberastasuna ulertzeko eta lantzeko prest dagoela irudikatzen du, transexualitatearena ere bai”, azaldu du.
"Ez dakigu zer dagoen Marijaiaren gonaren azpian, eta ez zaigu axola, berdin maite dugulako", esan du Beatriz Severrek Arriagako balkoitik irakurri duen pregoian.
Severrek, erasorik gabeko gizartea lortzeko heziketa beharrezkoa dela nabarmendu du, eta eskerrak eman dizkio Bilbori, munduari “zakila duten neskak eta bulba duten mutilak” daudela ozen esateko bozgorailua eman diolako.
Ondoren, Itsasne Nuñez Otxarkoaga auzoko Pa... Ya! Konpartsako txupinerak Bilboko bederatzi eguneko festa hasi duen suziriaren metxa piztu du.
Milioi eta erdi pertsona inguru igaroko dira hiritik Aste Nagusiak iraungo duen bederatzi egunetan, eta askotariko ekitaldiak izango dira: txikigunea, antzerkiak, kontzertuak, su artifizialen nazioarteko lehiaketa, erraldoiak eta buruhandiak eta biharko balearen desfilea, besteak beste.
Baina Bilboko jai "gazteen" erakargarritasun nagusia (41 urte ez dira ezer 719 urteko historia duen hiri batentzat), konpartsen txosnak izango dira berriz ere. 29 urtean urtero izan dira Areatzako jai gunean, eta ia beste hamarrean, itsasadarraren beste aldean ere.
Gainera, Bilboko Aste Nagusian zezenketak eta antzerkiak ikusteko aukera dago, nahiz eta kasu honetan eskaintza bederatzi egunetatik haratago luzatzen den.
Lehen gauean, Madrilgo Vulcano su-etxearen su artifizialak eta Su Ta Gar taldearen kontzertua izango dira erakargarri nagusiak.
Juan Mari Aburto alkatea "hunkituta, gogoz eta urduri" agertu da kazetarien aurrean, eta Aste Nagusia festa nagusi izatea, eta emakumeak "nahi duten lekuan, nahi duten orduan eta nahi duten moduan" eraso sexistarik jasan gabe ondo pasatu ahal izatea espero duela esan du.
Egitarau zabala
Ehun musika emanaldi baino gehiago, dantza tradizionalen bi saio egunero, mundu mailako ospea duten zazpi konpainia piroteknikoren su artifizialak eta adin guztietako umeentzako ekitaldiak eskainiko ditu Bilboko Udaleko Jai Batzorde Mistoak. Egitarau osoa eitb.eus-en egunez egun kontsulta daiteke.
Kontzertuak zortzi agertokitan egingo dituzte, abuztuaren 17tik 24ra. Abandoibarran, esaterako, Su Ta Gar, Sweet California, Duo Dinamico eta La M.O.D.A. arituko dira, eta Europa Parkean, berriz, Huntza, Revolta Permanent eta Pedro Capo.
Aste Nagusian haurrentzat izango diren ekitaldiei dagokienez, Bilboko Udalak Txikigunea izango du Casilda Iturrizar parkean, familiek denetariko jarduerez goza dezaten. Bestalde, Balearen desfilea abuztuaren 18an izango da; Balea, Olagarroa, Txangurroa eta Bisigua 19:00etan abiatuko dira Plaza Biribiletik, eta Kale Nagusian zehar ibiliko dira.
Konpartsen egitaraua
Bilboko Konpartsen Federakundeak, gainera, 550 ekintza baino gehiago eskainiko ditu Aste Nagusian zehar. Konpartsen egitarau hori ere eitb.eus-en kontsultatu ahal da. Konpartsen aurkezpenean, jaiak prestatzeko urte osoan egin duten lana azpimarratu dute, eta bereziki nabarmendu dute jokabide sexisten aurkako lana.
Bilboko txosnetan, erasoen aurkako mezuak erakutsiko dituzte aurten. Eraso sexistarik egotekotan, txosnek erasoak salatzeko protokoloa jarriko dute abian. Horren pausoak publikoak dira, eta konpartsen webgunean daude jasota.
Eraso matxisten aurka
Bilboko Udalak Bilboko Aste Nagusirako egin duen 'Baiezkoan bai, bestela ez' kanpainaren helburuak "emakumeen indarra bultzatzea, gizonen erantzukizun aktiboa sustatzea eta gizarteak jarrera aldaketa bat eragitea" dira.
Ertzaintzak eta Udaltzaingoak eguneko 24 orduetan egingo dituzte zaintza-lanak, bereziki, jende gehien biltzen den lekuetan: Areatza, Plaza Biribila, Zazpikaleak, Erkoreka plaza, Etxebarria parkea, Abandoibarra, Casilda Iturrizar parkea, Indautxu eta Moyua plaza.
Horrez gain, aurreko urteetan bezala, galdutako objektuen zerbitzu berezia eskainiko dute Udaltzaingoaren bulegoetan, aurkitu diren objektuak jabeei lehenbailehen itzuli ahal izateko.