Itxi

Politika

Espainiako Gobernua

Koalizioa osatzeko beste proposamen bat egin du Podemosek; PSOErentzat bideraezina da

Agentziak

Espainiako Gobernuan parte hartzeko "lau aukera ezberdin" jaso ditu Unidas Podemosek idatzian. Halaber, beste gobernu programa bat sortu du, bi alderdiek uztailean aztertu zituzten neurriekin.

  • Pedro Sanchez eta Pablo Iglesias, argazki mosaiko batean

    Pedro Sanchez eta Pablo Iglesias, argazki mosaiko batean. Artxiboko argazkia: EFE

Koalizio gobernu bati buruzko negoziazioari berriro ekiteko proposamen berri bat aurkeztu dio astearte honetan Unidas Podemosek PSOEri, negoziazioak berrabiarazteko asmoz, baina PSOEk uko egin dio proposamenari, eta esan du "bideraezina" dela.

Horixe izan da PSOEk koalizio gobernuaren proposamenari emandako erantzuna. Halaber, "beste bide batzuk" aztertzeko deia egin dio Pablo Iglesiasek gidatzen duen alderdiari, Gobernua eta programa aurrerakoia osatzeko.

Arratsaldean kaleratu duen ohar batean, PSOEk bi alderdien arteko mesfidantza areagotu dela arrazoitu du koalizio morearen proposamena baztertzeko. Gainera, sozialistek ez dute "Ministroen Kontseiluaren baitan bi gobernu” izatea ahalbidetuko lukeen koalizio gobernurik osatu nahi.

Halaber, bi alderdiek “estatu gaietan” dituzten “desberdintasun garrantzitsuak” dira sozialistek Podemosen proposamena baztertzeko erabili duten beste arrazoi bat. "Kataluniako auziari irtenbidea emateko PSOEk proposatzen duena ezaguna da: legezkotasunaren barruan elkarrizketa bultzatzea, Konstituzioa errespetatzea eta Autonomia Estatua indartzea", jarri dute sozialistek adibide gisa.

Alderdi moreak jakinarazi duenez, Espainiako Gobernuan parte hartzeko “lau aukera ezberdin” jaso dituzte idatzi horretan. Halaber, beste gobernu programa bat sortu dute, bi alderdietako talde negoziatzaileek uztailean adostu zituzten neurriak oinarri hartuta.

Podemosek azpimarratu duenez, “ez da bata besteari ezer aurpegiratzeko garaia”, eta uztailean amaitutzat eman zituzten elkarrizketak berriro hastea eskatu dio PSOEri. Izan ere, “akordioa lortzear” zeudela esan du Pablo Iglesias buru duen koalizioak, baina bi alderdiak ados jartzear zeudenean “denbora faltagatik” harremanak hautsi zituztela ziurtatu du.

Unidas Podemosek ohar batean azaldu duenez, gobernu programa berriak bi alderdiek adostutako “Espainiak Aurrera” agiriaren bigarren zirriborroa eta udazkenean sinatutako “2019rako Aurrekontu Orokorrak aurrera ateratzeko Akordioa” ditu oinarri.

Idatzi horretan, Pablo Iglesias buru duen koalizioak hamar gai jarri ditu giltzarri negoziaziorako: gaur egungo lan-erreforma indargabetzea, 0 eta 3 urte bitarteko eskolen sarea publikoa eta doakoa izatea, herrialde feminista bat eraikitzea, ustelkeriaren aurkako neurriak hartzea eta “Espainia Hutsa” gobernu berriaren politiken erdigunean jartzea, besteak beste.

Zerrenda horretan, ondorengo neurriak aipatu dituzte ere: alokairuaren prezioak jaistea eta etxebizitza eskubidea bermatzea, justizia soziala bermatzea, larrialdi klimatikoaren aurrean neurri zehatzak hartzea, zientziaren eta ikerketaren alde egitea eta Europa demokratikoago eta sozialago bat bultzatzea.

Apirilaren 28ko hauteskundeetan, herritarrek “hitz egitea, negoziatzea eta akordioetara iristea” eskatu zietela gogorarazi du Podemosek, eta, hori horrela, negoziazioari berriz heltzea garrantzitsua dela azpimarratu du, “herritarren interesak babestuko dituen koalizio gobernu bat osatzeko”.

Unidas Podemosen talde negoziatzailea Pablo Echeniquek, Ione Belarrak, Jaume Asens, Yolanda Diazek, Enrique Santiagok eta Juantxo Lopez de Uraldek osatuko dute.

Hauek dira Podemosek eman dizkion aukerak

Koalizio gobernua osatzeko helburuarekin PSOEri aurkeztu dizkion lau aukera horietan, Berdintasun eta Giza Eskubideen presidenteordetza bere gain hartzea eskatu du Unidas Podemosek. Horrez gain, hiru ministerio eskatu dizkio. Uztailean, liskarrak sortu ziren lehenengo eta laugarren aukeretan jasota dagoen Lan Ministerioarekin.

Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioa da gehien errepikatzen dena (hiru aldiz agertzen da). Bestalde, Nekazaritza, Arrantza eta Espainia Hutsa Ministerioa eta Kultura Ministerioa behin bakarrik aipatu dituzte.

Lehen aukera:

- Berdintasun eta Giza Eskubideen presidenteordetza

- Lan, Migrazio eta Gizarte Segurantzako Ministerioa

- Osasun eta Kontsumo Ministerioa

- Etxebizitza eta Gizarte Ekonomia Ministerioa

Bigarren aukera:

- Berdintasun eta Giza Eskubideen presidenteordetza

- Trantsizio Ekologikoaren Ministerioa

- Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioa

- Etxebizitza eta Gizarte Ekonomia Ministerioa

Hirugarren aukera:

- Berdintasun eta Giza Eskubideen presidenteordetza

- Trantsizio Ekologikoaren Ministerioa

- Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioa

- Nekazaritza, Arrantza eta Espainia Hutsa Ministerioa

Laugarren aukera:

- Berdintasun eta Giza Eskubideen presidenteordetza

- Lan, Migrazio eta Gizarte Segurantzako Ministerioa

- Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioa

- Kultura Ministerioa

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena