Politika -

Ikurrak

Nafarroako Ikurren Lege berri bat proposatuko du Navarra Sumak

Horrez gain, Nafarroako Tokiko Administrazioaren erreforma indargabetzeko foru lege proposamena ere aurkeztuko du koalizioak, tokiko mapa aldatu berri duen legea baliogabetzeko asmoz.

Ikurrina, Iruñeko udaletxeko balkoian. Artxiboko argazkia: EiTB
Ikurrina, Iruñeko udaletxeko balkoian
Ikurrina, Iruñeko udaletxeko balkoian. Artxiboko argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Parlamentuan ikurren lege berri bat onartzeko proposamen bat aurkeztuko duela iragarri du ostegun honetan Navarra Sumak. Uxue Barkosen gobernuak aurreko legealdian indargabetu zuen Nafarroako erakundeetan ikurrina jartzea debekatu eta zigortzen zuen foru legea.

Javier Esparza Navarra Sumak Nafarroako Parlamentuan duen bozeramaileak goizean esan duenez, proposamena aurrera atera ahal izateko PSNren babesa izatea espero du. Ildo horretatik, "hauteskunde kanpainan hartutako konpromisoen neurriko jarrera" izatea eskatu die sozialistei.

Esparzak azpimarratu duenez, “Nafarroako nortasuna zaintzeko” eta “bertako sinboloen erabileraren inguruan beharrezkoa den erregulazioa” ezartzeko helburuarekin egin dute ikurren lege berri bat onartzeko proposamena. Halaber, "administrazio eta zuzenbide ikuspegitik ere” ikurren erabilpena babesteko beharra ikusi du Navarra Sumak.

Navarra Sumako bozeramaileak adierazi duenez, "Nafarroak berarenak diren ikurrak ditu, herritar guztiak batzen gaituena. Beharrezkoa da nafar guztiei batzen gaituena indartzeko betebeharrarekin lan egitea". "Ikurrek errealitate instituzionala ordezkatzen dute. Kasu honetan, bere ezaugarri propioak dituen foru erkidego berezi bat ordezkatzen dute, identitate espainiarra eta europarra duena, eta erakundeetan errealitate hori definitzen duten ikurrak onbideratu behar dira", esan du.

Esparzak gogora ekarri duenez, ikurren legea indargabetu zutenean, "Nafarroako gizarteak manifestazio bat egin zuen eta erabakia zuzentzeko eskatu zion Foru Gobernuko presidenteari; hori ez zela bidea eta Nafarroako sinboloak errespetatu behar zirela esanez. Maria Chivitek ere UPNk, PSNk, PPk eta Ciudadanosek babestutako manifestazio horretan parte hartu zuen".

Lege-proposamenak Nafarroako banderaz, armarriaz eta bertako ereserkiaz hitz egiten du. Gainera, arau-hauste arinak dituen zehapen-araubidea jasotzen du (2.000 euro arteko isuna jasoko dute), larriak (2.001 eta 10.000 euro arteko isuna) eta oso larriak (10.001 eta 150.000 euro arteko isuna).

Horrez gain, Nafarroako Tokiko Administrazioaren erreforma indargabetzeko foru lege proposamena ere aurkeztuko du Navarra Suma koalizioak. "Aurreko legealdian Nafarroako Tokiko Mapa aldatzea gogor kritikatu zuen gehiengo zabala dago Parlamentuan, eta espero dut hauteskundeen aurretik hartutako konpromisoak betetzea", gaineratu du Esparzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gaurko albisteak Nafarroan Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Parlamentua Ikurrina Navarra Suma koalizioaren azken ordukoa