Politika -

Frantzia

Lehergaiz betetako ezkutaleku bat topatu dute Paris hegoaldean

Mendizale batek aurkitu zuen zuloa, Yonne departamentuko baso batean. Poliziak ETArena zela uste du.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lehergaiz betetako ezkutaleku bat topatu dute Frantzian eta Poliziak ETArena zela uste du, EFE berri-agentziak zabaldu duenez.

Zuloa oinezko batek aurkitu zuen Yonne departamentuan, Paris hegoaldean.

Poliziak ez du zehaztu zenbat lehergai atzeman duten, ezta zein motatakoa den ere. Frantziako Justiziak ikerketa bat jarri du abian.

Alabaina, EFE agentziak terrorismoaren aurkako iturriak aipatuta jakinarazi duenez, 120 detonagailu, ehunka jaurtigai eta hainbat kilo lehergai azaldu dira. Bidoiak ere bazeudela eta horietako batzuk hutsik zeudela erantsi dute.

Horrez gain, ezkutalekua harri pilo batez estalita zegoela eta inguruan zenbiltzan mendizale batzuek topatu zutela zehaztu dute.

France 3 telebista kateak euskaraz idatzitako aipuak aurkitu dituztela esan du. France Info irratiaren arabera, ezkutalekua asteartean topatu zuten Marmeaux izeneko basoan.

ETAk 2017ko apirilaren 8an gauzatu zuen armagabetze prozesua, bere ezkutalekuen kokapenari buruzko informazioa Frantziako agintariei helarazita.

2018ko maiatzaren 3an, berriz, behin betiko desegitea iragarri zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Paris Frantzia ETA Eguneko albisteak Albisteak