Politika -

Josu Erkoreka

'Eskumenen egutegiari berriro ekiteko eskatuko dugu'

Pedro Sanchezek bere alderdiari aurkeztuko dion proposamen programatikoan, eskumenen egutegia mantentzeko konpromisoa agertzea espero du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.

Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Radio Euskadin
Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Radio Euskadin
Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Radio Euskadin

play icon 25:42

Radio Euskadi | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi duenez, “legegintzaldia agortzeko aukera dago beti”, eta, une honetan, “lehendakariak legegintzaldia agortzeko asmoa dauka”. Hala, Eusko Jaurlaritzak ideia horrekin lan egiten duela esan du, eta Exekutiboaren proposamenak aurrera atera ahal izateko erantzukizuna eskatu die gainerako indar politikoei. Izan ere, Legebiltzarraren babesa behar duen gobernu-programa berria onartu nahi du Jaurlaritzak, besteak beste. Testuinguru horretan, “oposizioarekin negoziatzeko prest" agertu da Erkoreka.

Jaurlaritzako bozeramailearen iritziz, "nazioarteko, Europako eta Espainiako politikagintzan dauden elementuek" baldintzatzen dute legealdia. "Txinaren eta Amerikaren arteko krisi komertziala, Alemaniako atzeraldi ekonomikoa, Italian izandako tirabirak, Europar Batasunaren baitan migrazio politikaren inguruan dauden desadostasunak edota jarduneko Espainiako Gobernua”, aipatu ditu Erkorekak. “Azken hori arazo bat da Eusko Jaurlaritzarentzat, bitartekaririk gabe ezin delako aurrera egin gai batzuetan”, gaineratu du.

Legealdiaren berehalako erronketako bat aurrekontuen negoziazioa dela esan du Erkorekak. Horri dagokionez, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gogora ekarri ditu negoziazioa aurrera eramateko jarri dituzten hiru premisak: "Alderdi politiko bakar bat bera ere ez alde batera uztea, ez dira aurrekontuz kanpoko gaiak negoziatuko, eta defizitaren, zorpetzearen eta gastuaren sabaiaren mugari dagokionez Europako Batasunaren irizpideak kontuan hartuko dira".

Alderdi Popularrak PFEZa erreformatzeko egindako proposamenaren inguruan, Erkorekak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak ez duela eskumenik zerga kontuetan, eta lurralde historiko bakoitzaren kudeaketaren menpe geratzen direla. Gauzak horrela, bere proposamena "dagokion tokian eta epe barruan" aurkezteko eskatu dio alderdi horri.

Estatutu Berrirako proiektuari buruz galdetuta, Erkorekak adierazi du zirriborroa prest izan arte itxaron behar dela, eta horretarako izendatutako batzordea lanean ari dela. Hala, azaroaren 30etik aurrera amaituta izatea espero du. Orduan, “proposamena estatutua erreformatzeko ekimen gisa tramitatzeko bideragarria den edo ez aztertu beharko da”.

Pedro Sanchezek EAJrekin egitekoa duen bilerari dagokionez, Erkorekak adierazi du hedabideen bitartez izan duela topaketa horren berri, eta "proiektu serio bat” aurkez dezala eskatu dio jarduneko presidenteari. Hala, akordio batera iristeko, Sanchezek Kongresuan beste indar batzuekin “beharrezkoak diren babesak” lortu behar dituela nabarmendu du. Gainera, Jaurlaritzako bozeramailea “harrituta” agertu da Sanchezen jarrerarekin, bere iritziz, gizarte eragileekin egindako bileren bitartez "alde batera utzi nahi dituelako beste talde politiko batzuekin izandako elkarrizketak".

Azkenik, Pedro Sanchezek bere alderdiari aurkeztuko dion akordio programatikoa izan du hizpide Erkorekak, eta “aurreko gobernuak onartu zuen eskumenen egutegia jasotzea” espero duela esan du. Hala, Sanchezekin izango duten topaketan exijituko duten “lehen gauza" hori izango dela ziurtatu du.

__________________________________

Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Alderdi politikoak Pedro Sánchez