Politika -
Katalunia
Bartzelonako epaile batek 8 poliziaburu auzipetu ditu erreferendumeko kargengatik
Bartzelonako Udaletik esan dutenez, herritarren aurka oldartu ziren poliziez gain oldarraldiak agindu zituzten arduradunak ere auzipetu behar dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2017ko urriaren 1eko erreferendumean herritarren kontra izandako oldarraldiak direla eta, Bartzelonako epaile batek Poliziaren zortzi buru auzipetu dituela jakinarazi du Marc Serra Bartzelonako udaletxeko zinegotziak.
"Lehendabiziko aldiz, Poliziaren arduradunak auzipetu dituzte eman zituzten aginduengatik, eta ez erakutsi zuten jokabide neurrigabeagatik", idatzi du Twitter sare sozialean.
Udalak aurkeztutako helegiteen ondotik, Lurralde Auzitegiak artxibatutako zenbait auzi berriro irekitzea agindu du, tartean, Joan Bosca eta Prosperitat ikastetxeetan izandako kargekin lotutakoak. Oldarraldi haietan zauritu zituzten pertsonek "egia, justizia eta erreparazioa" izatea oso garrantzitsua dela erantsi du.
Erabaki judizial hori "mugarria" dela esan du, Poliziaren goi-kargudunen kontrakoa delako. Serraren iritzian, ezinbestekoa da oldarraldietan parte hartu zuten agenteez gain oldarraldi haiek agindu zituzten poliziaburuak auzipetzea.
Oraingoz, 50 agente eta poliziaburu daude ikerketapean erreferendumeko kargengatik.
Auzipetze horiek Bartzelonako Udalak egindako lanaren ondorio direla nabarmendu du, Fiskaltzak ikertzeko borondaterik ez duelako izan, horren arabera, eta kasuak artxibatu beste helbururik ez duela izan salatu du.