Politika -

Vuelta

Pintadak egin dituzte Euskadi-Murias eta CCC taldeen hamaika ibilgailutan

Txirrindulariei laguntza emateko errepidean atzera eta aurrera ibili ohi diren ibilgailuetan eta txirrindulariak alde batetik bestera eraman ohi dituzten autobusetan egin dituzte pintadak.

Pintadak egin dituzte Murias eta CCC taldeen ibilgailutan. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Pintadak egin dituzte Euskadi-Murias eta CCC taldeen hamaika ibilgailutan.
Pintadak egin dituzte Murias eta CCC taldeen ibilgailutan. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vueltako bi txirrindularitza talderen eta antolakuntzaren hamaika ibilgailutan presoen amnistiaren aldeko pintadak egin dituzte, Portugaleten, Ertzaintzak eta Udalaren iturriek jakitera eman dutenez.

Ibilgailu guztiak plaza batean zeuden aparkatuta, eta, dirudienez, gauerdian ezezagun talde batek egin ditu pintadak Euskadi-Murias eta CCC taldeen ibilgailuetan.

Hain zuzen ere, txirrindulariei laguntza emateko errepidean atzera eta aurrera ibili ohi diren ibilgailuetan eta txirrindulariak alde batetik bestera eraman ohi dituzten autobusetan egin dituzte pintadak. "Borroka zilegi da. Amnistia osoa" irakur zitekeen horietan.

Gertatutakoaren berri izan dutenean, udal langileek garbiketa lanak hasi eta 08:00etarako pintada guztiak ezabatu dituzte.

"Lotsagabe batzuek" taldeen ibilgailuetan presoen aldeko pintadak egin izana "deitoragarria" da, Mikel Torres Portugaleteko alkateak adierazi duenez.

Pintaden egileak identifikatzeko kameren grabazioak aztertuko dituztela esan du alkateak.

Vuelta Euskaditik pasa zen azken aldian ere pintadak egin zituztela gogorarazi du Torresek. "Euskadirentzako eta, bereziki, Bizkaiarentzako hain garrantzitsua den lasterketa" pintadak egiteko "aprobetxatzea" salatu du agintariak.

Horregatik, "lotsagabe batzuek aurreko garaietara bueltatzea nahi dutelako albiste izatea", deitoratu du Torresek. Euskadi Muriasen ibilgailuei eraso egin izana kritikatu du, “guztiak ordezkatzen gaituen taldea delako". "Hori egiten duten pertsonak paranoiko batzuk dira, inolako arrazoirik ez eta, batez ere, aldarrikatzeko ezer ez dute", erantsi duenez.

Gertakari "deitoragarriak" direla uste du Torresek, eta bizkaitarrek Vueltari egindako harrera azpimarratu du. "Jendeak kalea hartu du eta hori da benetan eman beharreko irudia, bestea anekdotan geratzea espero dugu", nabarmendu du.

Atzo, milaka pertsona bildu ziren Gasteizen eta Bilbon lasterketaren hamabigarren etaparen azken metroak ikusteko.

Bizkaiko hiriburuan jarri zuten helmuga, Kale Nagusian, eta Philippe Gilbert izan zen garaile.

Bestalde, gaur, 12:30ean, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eman dio hasiera Vueltaren hamahirugarren etapari, San Mameseko zabalgunean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Itzulia Politika Bilbo Portugalete Presoak Eguneko albisteak Albisteak