Politika -

M-22ko hauteskundeak

Eguigurenek 'politika aldaketa sakona' egitea eskatu dio Jaurlaritzari

PSEko presidentearen ustez, boto-emaileek Bilduren aurkako helegitea aurkezteagatik zigortu dituzte sozialistak. Halaber, EAJrekin akordioak egitearen alde egin du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi Sozialistak igandeko hauteskundeetan jasotako porrotaren ostean, Jesus Eguiguren PSE-EEko presidenteak bakegintza arloan "politika aldaketa sakona" egitea exijitu dio gaur Eusko Jaurlaritzari.

Hori horrela, EAJrekin akordioak bilatzearen alde egin du. "Beti izan naiz PSEren eta EAJren arteko itunen aldekoa, eta hori izan beharko litzateke jarraitu beharreko bidea", adierazi du, Eusko Legebiltzarreko pasilloetan.

Ez du baztertu PPrekin edo Bildurekin ere hitz egitea, baina, koalizio abertzalearen kasuan, erakundeetan gobernatu ahal izateko oraindik ere "hainbat gauza" erakutsi behar dituela gaineratu du.

Eguigurenen ustez, gizarteak "gaizki" ulertu du Espainiako Gobernua Bildu hauteskundeetan ez izatea galarazten saiatu izana.

"Bakea egiten izan gara, baina [Bilduren aurkako helegitearen ostean] herritarrek uste izan dute denaren aurka eta azken aldian [2006ko bake-prozesuan] gertatutakoagatik minduta gaudela", ohartarazi du.

Zapateroren ondorengotza

Bestalde, EAEko sozialisten presidenteak esan du bere esku egongo balitz hurrengo hauteskundeetara ez aurkezteko erabakian atzera egitera "behartuko" lukeela Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea.

"Beti pentsatu du Zapatero litzatekeela erretiratu behar, horregatik ez zait interesatzen oraingo polemika", esan du.

Horrenbestez, Eguigureni ez zaio axola "ezohiko kongresua edo barne-hauteskundeak" egiteak, eta Zapaterok pairatutako "higadura" Euskadin "bakea egiteagatik" ere badela azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea