Politika -
Elkarrizketa ETBn
Donostiako eta Aldundiko jarrera argitzeko eskatu dio Bilduk Urkulluri
EAren idazkari nagusi eta Bilduren bozeramaileak ez luke ulertuko "gipuzkoarren eta donostiarren babes osoa jaso duen aukera baztertzeko" EAJk PSE-EErekin eta PPrekin bat egitea.
Erredakzioa
Pello Urizar EAren idazkari nagusi eta Bilduren bozeramaileak eskea egin dio Iñigo Urkullu EAJren presidenteari: "EBB den heinean, argi dezala Bilduk Gipuzkoako Aldundia bere gain hartuko duen eta Donostiako Udalean Odon Elorzari babesa kentzeak PSEri kentzea esan nahi ote duen".
ETBko Egunon Euskadi saioan egin dioten elkarrizketa batean, Urizarrek "ikuspegi estrategikoa" eskatu dio EAJri, izan ere, "Euskal Herriko gehiengo sozialak apustu abertzalea egin du" udal eta foru hauteskundeetan.
EAren buruzagiak uste du mapa elektorala "erabat aldatu" dela eta "urduritasuna nabari dutela toki batean baino gehiagotan, euskal gizarteak aldaketa ahalbidetu duelako".
PPk Bilduren bilera sortari uko egin izanaz galdetuta, Urizarrek esan du ez diela pena ematen, Araban eskaini duten moduan, itunak "PPren oztopoa deuseztatzean" oinarritu behar direlako, "baita Nafarroan ere".
Gipuzkoako Aldundiari eta Donostiako Udalari dagokionez, Urizarrek ez luke ulertuko "Gipuzkoarren eta donostiarren babes osoa jaso duen aukera baztertzeko" EAJk PSE-EErekin eta PPrekin bat egitea. Gainera, azpimarratu du koalizioa ez dela "itun merkatu batean" sartuko.
EAren idazkari nagusiak kritikei aurre egin nahi izan die, eta bere alderdiak "azken 25 urteetan EAEn eta Nafarroan hainbat erakunde kudeatu" dituela goraipatu du, eta hori ezin omen dute "alderdi askok esan".
Kutxak
Kutxen euskal legeaz galdetuta, Urizarrek azaldu du haiek "PSE-EEk eta PPk proposatzen duten bankarizazioaren kontra" daudela, eta legea aurrera ateratzeko "Legebiltzarrean duten gehiengo faltsua" erabiltzen dutela salatu du.
Nafarroa
EAren buruzagiak azpimarratu du koalizioak ez duela inolako arazorik NaBairekin bat egiteko Foru Parlamentutik "eskuin espainiarra" botatzeko, nahiz eta aitortu hauteskundeen aurretik EAk arazoak izan zituela koalizio nafarrarekin.
Biktimak
Bestalde, EA Bilduren zatia den heinean, Bildu biktimen omenaldietan egongo dela esan du, baina normalkuntza politikora iristeko "alde bateko eta besteko biktimen" errekonozimendua aldarrikatu du.