Politika -

M-22ko hauteskundeak

Gipuzkoako EAJk ez du sinatuko Bildu 'baztertzeko' itunik

Alderdi jeltzaleak aurreratu du Odon Elorza sozialista ez dela berriz izango Donostiako alkate.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako EAJk ez du Bildu "baztertzeko" helburua duen itun politikorik adostuko, gaur Joseba Egibar jeltzaleak azaldu duenez. Modu honetan, azken egunetan PPk eta PSEk egindako proposamenei erantzuna eman die.

Donostian egindako agerraldian egin ditu adierazpenak Joseba Egibarrek, Markel Olano eta Eneko Goia hautagaiekin batera.

Gipuzkoarrek hauteskundeetan bozkatutakoarekin "errespetua" izatea eskatu du Egibarrek. Bildurekin batzartu egingo dela aurreratu du, baina ez du baztertu Gipuzkoako diputatu nagusi berria Markel Olano izatea.

"Oposizioan edo Gobernuan EAJ gipuzkoarren ongizatearen alde" lanean jarraituko duela adierazi du Egibarrek. Alderdiren batek "alarma egoera bar sortu nahi du", GBBko agintariaren ahotan. Antza denez, "alderdien legearen aplikazioa faltan botatzen dute edo Gipuzkoan politikan aritzeko aurretik 119.000 pertsona baztertzea beharrezkoa dela uste dute". "Hori ez zaigu onargarria iruditzen", gaineratu du.

Donostia

Donostiari buruz, EAJk "aukera guztiak" zabalik dituela nabarmendu du Egibarrek. Hala ere, Odon Elorza PSEko hautagaia hiriko alkatea ez dela izango azpimarratu dute jeltzaleek.

Bestalde, "hauteskunde hauetan zerbait argi geratu baldin bada, Donostian ziklo aldaketa bat" dagoela esan du Goiak, beraz, "Odon Elorza ez da alkate izango". "Abiapuntu horretatik abiatuta aukera guztiak zabalik daude", erantsi du.

Bilduk deituko duen negoziaketa prozesuan jeltzaleak "erabat aske eta loturarik gabe" agertuko direla ziurtatu du Egibarrek.

Era berean, elkarrizketa prozesu bat hasteko erantzukizuna "irabazi duen indarrak", hau da, Bilduk duela adierazi du buruzagi jeltzaleak, eta prozesu horretara "jarrera ireki" batekin joango direla errepikatu du.

EAJren programa defendatuko dutela azaldu du Egibarrek, eta "oraindik" Bilduren programa ezagutzen ez dutela azpimarratu du.

Azkenik, "herritarren botoari, emaitzari eta Gipuzkoaren heldutasunari errespetua" zor zaiela uste du Olanok, eta beste alderdiei ezarritako "aurretiazko betoak errespetu falta izugarri" bat direla errepikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea