Politika -
Donostian
Lopez: 'Ez da proiektuak gelditzeko edo atzeratzeko unea'
Proiektuak sustatzeko, "erakunde egonkorrak, arduratsuak eta leialak bilatzeko" eskatu die lehendakariak alderdiei.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak EAEn "erakunde egonkorrak, arduratsuak eta leialak bilatzeko" eskatu die alderdiei; izan ere, lehendakariaren esanetan, "ez da proiektuak gelditzeko edo atzeratzeko unea, horiek kemenez sustatzekoa baizik".
Patxi Lopezek Donostian egin ditu adierazpen horiek, Enpresaren Egunaren amaiera ekitaldian. Enpresaren Eguna Adegi Gipuzkoako patronalak antolatzen du urtero, batzar orokorra aitzakia hartuta, eta Eduardo Zubiaurre Adegiko presidentea bertan izan da.
Lehendakariak adierazi duenez, Gipuzkoan "proiektu estrategikoak ari dira garatzen, ez bakarrik lurraldearentzat, Euskadi osoarentzat baizik". Horien artean abiadura handiko trena, Pasaiako badiaren eraberritze lanak eta euskal aurrezki kutxen bat-egitea aipatu ditu.
“Proiektu hauek aurrera ateratzeko adostasun politiko, ekonomiko eta soziala lortzeko denbora asko behar izan da, eta orain oztopoak jartzea ez da aukerarik onena", gaineratu du lehendakariak. Gauzak horrela, alderdi politikoei "prozesu demokratikoak eta gehiengoen eraketa errespetatzeko" eskatu die.