Politika -

Memoria historikoa

Franco Erorien Haranetik ateratzeko baimena eman du Auzitegi Gorenak

Administrazioarekiko auzien laugarren salak atzera bota du familiak aurkeztutako errekurtsoa.

Erorien Harana. Artxiboko argazkia: EFE
Erorien Harana. Artxiboko argazkia: EFE
Auzitegi Gorenak aho batez erabaki du Franco Erorien Haraneko hobitik ateratzea

1:29

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Francisco Francoren gorpuzkiak Erorien Haranetik atera eta El Pardo-Mingorrubio hilerrian hobiratzeko Espainiako Gobernuaren erabakia zuzenbidezkoa dela erabaki du aho batez Auzitegi Gorenak.

Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko auzien 4. Salako sei magistratuek astearte honetan ezagutzera eman dute errekurtsoaren epaitza, ordubetez deliberatu ostean. Hala ere, ebazpena egun batzuk barru ezagutzera emango dute.

Diktadorearen familiak Almudenako Katedralaren kripta eskaini zuen, baina Espainiako Gobernuak baztertu egin zuen aukera hori segurtasun arrazoiak medio, eta diktadorearen irudiaren gorespen toki berria bihurtzea saihesteko.

Epaileek deliberatzen zuten bitartean, memoria historikoaren ehunka erakundek Goreneko atarian elkarretaratzea egin dute. Erakunde horietako batek agiri batean jakitera eman duenez, Estatuaren aurka joko dute diktadorearen gorpuzkiak toki publikoan, Erorien Haranean zein Mingorrubion, jarraitzen badute.

Diktadorearen senideek Francoren gorpuzkiak hobiratzeko tokia aukeratzeko eskubidea omen dute, eta horixe izan da oztopo nagusia; izan ere, azken egunetako eztabaidetan epaimahaiaren zatiketa eragin du ebazpenak.

Diktadorearen familiak Almudenako Katedralaren kripta eskaini zuen, baina Espainiako Gobernuak baztertu egin zuen aukera hori. Familia batek senide baten gorpuzkien kontrolik ez izatea justifikatzen zaila da, iturri juridikoen arabera.

Jorge Rodriguez Zapata epaimahaiko presidenteak, eta Celsa Pico, Jose Luis Requero, Pilar Teso, Segundo Sanz eta Pablo Lucas magistratuek azkenik erabaki bat hartu dute eta Francoren gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeko neurria zuzenbidearen araberakoa dela ebatzi dute. Besteak beste, segurtasun arrazoiak direla-eta.

Gorenak ekainaren 10ean gelditu zuen Franco hobitik ateratzeko Pedro Sanchezen Gobernuak hartutako erabakia, Francoren familiari eta beste hainbat elkarteri zein Estatuko interesei kalteak saihesteko.

Francoren familiaz gain, Francisco Franco Fundazioa, Cuelgamurosko beneditarrak eta Erorien Harana Defendatzeko Elkartea aurkeztu dira auzian.

Euskal alderdiak, pozik Gorenaren erabakiarekin

Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiek, PPk salbu –ez baitu adierazpenik egin-, pozik hartu dute Auzitegi Gorenak Franco hobitik ateratzeko plana babestu izana.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, erabaki zuzena da Francoren gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzea eta El Pardora eramatea. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, Estatu demokratiko batean jasanezina den egoera bati amaiera emango dio erabakiak. 

Iñigo Urkullu lehendakariaren esanetan, Franco diktadorea Eroriaren Harenean, milaka biktimaren ondoan, ehortzita egotea “anomalia politikoa” da, baina Gorenaren ebazpenari esker egoera horri buelta emango zaio.

Hortaz, Gorenak Franco hobitik ateratzeko baimena eman izana berri “oso ona” dela azpimarratu du sare sozialetan idatzitako mezu batean.

EAJk Kongresuan duen bozeramaile Aitor Estebanek espero du Pedro Sanchezen Gobernuak ahalik eta lasterren ateratzea Francoren gorpuzkiak Erorien Haranetik; halaber, esan du espero duela Sanchezek ez egitea begi-keinurik Ciudadanosi gai honekin.

Oskar Matute EH Bilduko diputatuak esan du ezin dela ahaztu Espainiako arekak "justiziarik eta merezi duten erreparazioa topatzen ez dituzten errepublikanoz beteta daudela". Matutek baieztatu du gaur "doilorkeriako 40 urteri eman zaiela amaiera".

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak ziurtatu du gaurko egunak "frankismoaren biktimak eta haien senideak ohoratzen" dituela; Mendiak nabarmendu du diktadoreak ez duela merezi Erorien Harana bezalako toki pribilegiaturik, eta azpimarratu du Gorenak asmatu egin duela: "Herrialde honetako memoria demokratikoaren alde egiten du honek".

Ahal Duguk sare sozialetan idatzitako mezu batean esan du "demokrazia indartzeko eta biktimak aitortzeko erabaki garrantzitsua" dela, "40 urtez Francori ohorea adierazi ostean".

BIDEOA | Diktadurak duen zigorgabetasun mailak zehazten du diktadorearen gorpuak duen trataera

Diktadurak duen zigorgabetasun mailak zehazten du diktadorearen gorpuak duen trataera
Diktadurak duen zigorgabetasun mailak zehazten du diktadorearen gorpuak duen trataera
Diktadurak duen zigorgabetasun mailak zehazten du diktadorearen gorpuak duen trataera

1:51

Erreakzio gehiago

Espainiako jarduneko presidente Pedro Sanchez pozik azaldu da Auzitegi Gorenaren erabakiagatik: "Gaur, espainiar demokraziaren garaipen handia ari gara bizitzen", esan du.

Sare sozialetan zabaldutako mezu batean, Sanchezek nabarmendu du bere Gobernuak beti izan duela gida moduan "frankismoaren biktimen sufrimendua erreparatzea. Justizia, memoria eta duintasuna", amaitu du. Bitartean, PSOEk garaipen handitzat jo du Pedro Sanchezen Gobernuak Auzitegi Gorenarengandik jasotako abala.

Carmen Calvo Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteordearen esanetan, "lehenbailehen" aterako dituzte gorpuzkiak Erorien Haranetik, hauteskunde kanpainatik aldentzeko.

Calvo "pozik" agertu da Francoren gorpuzkiak "toki publiko batetik" ateratzen Gobernu sozialista izan delako eta modu "txukun eta bermatzailean" egin duelako gainera. "Oso egoera gogorra gainditu dugu", esan du.

Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiaren iritziz, "aurrerapauso oso garrantzitsua" da demokraziako azken 40 urteotan herrialdeak kargatu duen "lotsa" erreparatzeko. "Konkista" hau, Iglesiasen ustez, diktaduraren biktimen senideei esker lortu egin da.

PPren zuzendaritzak errespetua agertu du erabakiaren harira, eta ez du beste baloraziorik egin; alderdiaren zuzendaritzaren iturriek Europa Pressi adierazi diotenez, PPk "beti bezala, erabaki judizialak errespetatzen ditu", bestelako adierazpenik egin gabe. PPren beste iturri batzuek zehaztu dute ez zutela ezer esango Gorenaren erabakiaren ostean.

Ciudadanoseko lider Albert Riverak egotzi dio Pedro Sanchez Gobernuko jarduneko buruari Francisco Franco diktadorearen hezurrekin jolasean ibiltzea; Riveraren esanetan, hezur horiek espainiar askori ez zaizkie inporta, baina Sanchezen asmoa da gizartea zatitzea.

Voxek Kongresuan duen bozeramaile Ivan Espinosa de los Monterosek ziurtatu du hobitik ateratzea kanpainan egotearen sintoma dela; alegia, erakusten du PSOE "kanpainan" dagoela, "gorrotoak berpizten eta espainiarrak elkarren aurka jartzen saiatzen ari dela". Gogorarazi du Gerra Zibila duela 80 urte amaitu zela, eta adierazi du ematen duela batzuek gerra bat irabazi nahi dutela.

ERCko bozeramaile Gabriel Rufianek, bere aldetik, esan du espero duela herritarrek, orain, Franco Kongresutik eta Andaluziako Gobernutik ere atera ahal izatea; Voxi egin dio aipamena, hitz-erdika.

Memoria historikoaren aldeko elkarteek, berriz, "garaipen partzialtzat" jo dute Gorenaren erabakia, frankismoaren beste hobi guztiak zabaltzea eskatzen baitute. "Bataila irabazi dugu, baina gudak jarraitzen du", esan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Auzitegi Gorena Espainia Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Memoria Historikoa