Politika -

Hauteskunde orokorrak

Alonso: 'Ia itxita genuen akordioa Cs Euskadirekin; Riverak ez du nahi izan'

EAEko PPren presidenteak baieztatu duenez, Vascos Suman markarekin aurkezteko akordioa lortu zuten Euskadiko Ciudadanosekin, eta ukatu du Gomez 'Cs-ko militanteak PPra sartzen' saiatu izana

Alonso, Legebiltzarrean gaur emandako prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Alfonso Alonso
Alonso, Legebiltzarrean gaur emandako prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfonso Alonso Euskadiko PPren presidenteak baieztatu duenez, Ciudadanos Euskadirekin (Cs) akordioa "ia itxita" zuten azaroaren 10eko hauteskunde orokorretan Vascos Suman izenarekin elkarrekin aurkezteko. "Riverak ez du nahi izan, eta Javier Gomez Euskadiko 'bigarrena' kargugabetu du", azaldu du.

Alonsok prentsaurrekoa eskaini du gaur Eusko Legebiltzarrean, Gomezen kargugabetzea publiko egin eta gutxira.

PPko buruzagia "harrituta" agertu da erabakiarekin, eta Cs-ko afiliatuak ez dituztela PPn sartu azpimarratu du, Riveraren alderdiak Gomez kargutik kentzeko erabili duen argudioa hori izan bada ere). "Harritzen nau, hala balitz nik jakingo nukeelako", esan du.

Alonsoren esanetan, bi alderdiek partekatutako lehentasunen dekalogo bat zuten adostuta, eta biak ziren Kontzertu Ekonomikoa defendatzearen aldekoak. "Akats larria da koalizioan ez joatea, hori baita Euskadiko konstituzionalismoak behar duen eredua".

PPko buruzagiak nabarmendu duenez, Ciudadanoseko Estatuko buruzagien oniritziaren menpe zegoen akordioa. "Euskadin egin beharreko lana eginda zegoen", erantsi du.

Alonsok azaldu du Ciudadanos Euskadik atzo jakinarazi ziola ituna Madrilgo zuzendaritzari, eta horrek Gomez "berehala kargugabetzea" erabaki zuela.

Alonsoren berbetan, negoziazioek Pablo Casadoren oniritzia zuten. "Riverari borondate politikoa falta izan zaio", deitoratu du. Hala, gogoeta egiteko deia egin dio Ciudadanoseko buruzagiari, "badago eta denbora".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euskal Autonomia Erkidegoa Hauteskunde orokorrak Euskadiko PP Euskadiko Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Albert Rivera Pablo Casado Blanco