Politika -

EH Bildu

Sektore soberanisten eta progresisten 'batasuna' osatzera deitu du Otegik

"Krisia dagoelako izango dira hauteskundeak, 78ko Erregimenaren krisi larri bat dagoelako", azpimarratu du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Zarautzen (Gipuzkoa).

Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia Zarautzen (Gipuzkoa). Argazkia: EH Bildu
Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia Zarautzen (Gipuzkoa).
Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia Zarautzen (Gipuzkoa). Argazkia: EH Bildu

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Katalunia, Galizia eta Euskal Herriko soberanismoari, sektore errepublikarrei eta sektore aurrerakoiei batasun" bat osatzeko deia egin die Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. "Eskuinari aurre egiteko gutxieneko gobernu programa bat eraikitzea" planteatu du, Espainiako Estatuan "kalitate demokratikoko eredu bat ezarri ahal izateko".

Espainiako Estatua "krisi larrian murgildurik" dagoela errepikatu du Otegik Zarautzen (Gipuzkoa). Koalizioko buruzagiaren ahotan, Estatua "areagotzen ari den krisi horren osagai berriei aurre egiteko prestatzeko saiakeran ari da". Zentzu horretan, "bi osagai horiek Kataluniako epaia eta krisi ekonomiko berri bat izango dira", ohartarazi du.

"Krisia dagoelako izango dira hauteskundeak, 78ko Erregimenaren krisi larri bat dagoelako", nabarmendu du. "Hitzemandakoa bete du" EH Bilduk, goraipatu duenez, "autoritarismoari eta eskuinari 'stop' handi bat" jartzen saiatu da.

"Eskuinekoa izango ez zen Gobernu bat osatzeko aukera eman genion Estatuari, baina Madrilen egin genuen, Nafarroan egin dugu eta baita udal batzuetan ere, Biasterin esaterako, eskuina gelditu dugu gobernatu ez dezan", gogorarazi du.

Otegiren hitzetan, EH Bilduk "gutxieneko programa zintzo bat" defendatzen du, "kalitatezko demokrazia batean sakontzea bilatzen dugulako, Espainiako Estatuak ez baitu halakorik". "Soberanista guztiei" batasunerako deia egin die.

Otegi: "Kalitatezko demokrazia batean sakontzea bilatzen dugu, Espainiako Estatuak ez baitu halakorik"

"Espainia estatu plurinazionala da, euskal herritarrak nazioa gara, kataluniarrak nazioa dira eta, ondorioz, Espainiako Estatuaren krisiari konponbiderik ez dago izaera plurinazional horrenganako errespetua argi eta garbi planteatzen ez baldin badute", adierazi du.

"Herrien autodeterminazio eskubidea", "Espainiako Estatuan diren preso politiko guztien askatasuna" eta "gizarte politika aurreratuak, aurrerakoiak, oligarkiaren aurkako politika ekonomikoak" proposatzen ditu EH Bilduk bere programan, azaldu duenez.

"Krisi ekonomiko berri baten edo aurreko krisiaren areagotze baten atarian gaude", ohartarazi du Otegik. "Batzuek bere egiten duten oasi honetan, krisiari aurrea hartu behar diogu eta zerga zein aurrekontu mekanismoak martxan jarri jendea defendatu ahal izateko", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika Zarautz EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak