Politika -
Katalunia
Parlamentak atzera bota du Torraren aurkako zentsura mozioa
Ciudadanos eta PP izan dira alde bozkatu duten bakarrak, eta 40 boto pilatu dituzte soilik, kontra bozkatu duten 76en aldean (JxCat, ERC, Catalunya en Comú Podem eta CUP).
agentziak | erredakzioa
Ez da ezustekorik izan, eta Kataluniako Parlamentuak atzera bota du Quim Torra Generalitateko presidentearen aurkako zentsura mozioa, ekimena sustatu duen Ciudadanosen eta PPren aldeko botoa soilik jaso baitu.
Bozketa publikoa izan da, eta diputatuek banan-banan eman dituzte kontrako 76 boto (JxCat, ERC, Catalunya en Comú Podem eta CUP), eta aldeko 40 (Ciudadanos eta PP).
Bozketan ezustekorik egon ez den moduan, aurreikusitako gidoia jarraituko du saioak, talde independentistak zentsura mozioari indarra kentzen, "engainua" zelakoan, eta Ciudadanos PSCri egurra ematen, Torraren aurka jo ostean.
Carlos Carrizosa Ciudadanosen Parlamentuko taldearen presidentearen hitzaldiak ireki du saioa, eta Torrari bizikidetza arriskuan jartzea leporatu dio. Parlamentuan zeuden, saioa zuzenean jarraitzen Ciudadanoseko (Albert Rivera, Ines Arrimadas), PPko (Cayetana Alvarez de Toledo) eta JxCateko (Laura Borras) ordezkari ezagunak.
Ondorengo txanda Kataluniako Gobernuko kideren bati zegokion, baina ez da Torra izan hitza hartu duena, Meritxell Budo Presidentzia kontseilaria baizik. Gainera, zituen 30 minutuetako 10 bakarrik erabili ditu.
Budok "nahita" egin du hitzaldi "laburra", "erakundeak interes alderdikoiekin erabiltzearen aurkako" jarrera erakusteko. Izan ere, Budok uste du Ciudadanosek azaroaren 10eko hauteskundeetarako erabili duela Parlamentua.
Eztabaidaren beste edozein unetan, Torrak eta Gobernuko gainerako ordezkariek erantzuteko aukera zuten, baina uko egin diote.
Gero etorri da Lorena Roldanen hitzaldia, Torraren postua hartzeko Ciudadanosek zuen hautagaia, eta ordu eta laurdenean presidentaren aurka jo du "biolentoak txalotzeagatik", atxilotu dituzte CDRetako kideei erreferentzia eginez.
Mozioak aurrera egiteko gutxieneko boto kopurutik urrun bazegoen ere, Roldan behin eta berriz zuzendu zaie sozialistei abstentzioaz gogoeta egin zezaten eta, 2017ko "urriaren 8ko izpiritua" berreskura zezaten (Espainiaren batasunaren aldeko manifestazioa egin zuten konstituzionalistek Bartzelonan), Torra kargugabetzeko aldeko botoa ematea "agindu morala" zela argudiatuta.
Icetak (PSC), baina, ez du bat egin "Lorena Roldanen porrotarekin", "propaganda operazioa" eta "oportunista" zelako, hauteskunde orokorretarako aurreikuspen txarrak iraultzea bilatzen zuelako soilik, bere esanetan.
Jessica Albiach Catalunya en Comu Podemen ordezkariak errefusatu egin du zentsura mozioa "kanpaina ekitaldia" zelako: "Kataluniak ez du liskar gehiago nahi".
Independentisten aldetik, Albert Batet JxCaten taldeko presidenteak Roldani leporatu dio Parlamenta "inkestetan gora egiteko tranpolin" bezala erabiltzea.
Sergi Sabira ERCren ordezkariak esan du Ciudadanosek "sekula ez" duela lortuko Katalunian agintzea, "hori ez delako telebista irabazten, eta zuek ez duzuelako adostasunik sortzen".
CUPen kasuan, Vidal Aragones diputatuak esan du zentsura mozioa "engainu elektoralista" zela, eta Ciudadanosi "indarkeria errelatoa" sortzen eta "independentismoa kriminalizatzen" saiatzea egotzi dio.
Parlamentuan azken urteotan bozkatu den laugarren zentsura mozioa izan da eta, beste kasuetan bezalaxe, ez du aurrera egin.